Ofiziala da dagoeneko. Alderdi Errepublikanoko ordezkariek Mitt Romney izendatu duteAEBetakopresidentetzarako hautagai gisa. Floridako Tampa hirian egindako Alderdi Errepublikanoaren Batzar Nazionalean babes zabala jaso du Romneyk. Hain zuzen ere, 2.061 ordezkarik bozkatu zuten haren alde; Ron Paulen alde, berriz, 190ek egin dute. Paul izan da Romneyri babesa eman ez dion alderdiko hautagai bakarra. Alderdi barruko aurkariak gaindituta, Barack Obamaren aurka egitea egokitzen zaio orain.
Lan horretan aritu ziren ekitaldian parte hartu zuten ordezkari guztiak. Obama AEBetako presidentetzatik kentzearen «beharraz» hitz egin zuten, behin eta berriz. Haien arabera, demokraten hautagaia ez da gai AEBen arazo ekonomikoak gainditzeko. «Inoiz ez du enpresa bat zuzendu, ezta azoka txiki batean ezer saldu ere», esan du Reince Priebus alderdiko presidenteak. Alor ekonomikoa zuzentzeko Romneyk duen «gaitasuna» goraipatu dute batzarrean hitza hartu zuten guztiek. Massachusettseko gobernadore zela izandako ibilbidea nabarmendu zuten, hango defizita murriztu baitzuen.
Francisco Canseco Texasko kongresistaren esanetan, AEBetako egungo arazoak konpontzea «erraza» da: «Zerga txikiagoak eta gobernuaren esku hartze gutxiago behar da». Era berean mintzatu da New Jerseyko gobernadore Chris Christie ere. «Romneyk Obamaren hondamendia amaituko du, eta benetako egiak esango dizkigu». Inkestak Romneyren aurka egoteak ez du beldurtzen Christie: «Liderrek ez diete inkestei jarraitzen, aldatu egiten dituzte».
Tampako batzarrean, presidenteordetzarako hautagai den Paul Ryan ere babestu zuten alderdiko ordezkariek. Tea Party mugimenduaren hurbilekoa da Ryan, eta Romneyk alderdiko sektore kontserbadoreen babesa lortzeko asmoz aukeratu du ondoko gisa. Izan ere, sektore horiek salatu izan dute «moderatuegia» dela Romney. Ryanek, berriz, bestelako profila du. Gai ekonomikoetan, pisu handia du alderdian, eta hark egindako aurrekontu plan bat onartu berri du AEBetako Ordezkarien Ganberak.
Bestalde, Ann Romney errepublikanoen hautagaiaren emazteak ere herritarrei esan zien Romneyrengan konfiantza izateko: «Zerua eta lurra mugituko ditu herrialde hau leku hobe bat izan dadin. AEBak maite ditu. Emaiozue aukera berari, emaiezue aukera AEBei ». Horrek ere Obamaren jarduna kritikatu du.
Programa, aurrera
Romneyren hautagaitza goraipatzeaz gain, hauteskundeetarako programa onartzeko ere baliatu dute batzarra errepublikanoek. Programan alderdiko kontserbadoreenen ideiak gailendu dira. Legez kanpoko immigrazioaren aurka borrokatzeko politikak jasotzen ditu bere barruan. Eta, horrez gain, abortuaren aurkako jarrera azaltzen du.
Orain, Obamaren aurka
Mitt Romney ofizialki hautatu dute AEBetako presidentetzarako errepublikanoen hautagai gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu