Erreferendum bat: hori baliatu nahi du Viktor Orban Hungariako lehen ministroak «pedofilo homosexualen aurkako legeak» sortu duen eztabaida ixteko. Joan den ekainaren 15ean Hungariako Gobernuak aurkeztutako legediak 157 boto lortu zituen parlamentuan —oposizioko alderdiek ez parte hartzea erabaki zuten—, eta, gobernuaren arabera, pedofiliaren aurkako tresna izatea du helburu.
Orbanek ez du iragarri erreferenduma noiz egingo duen, baina zehaztu du bost izango direla herritarrek erantzun beharko dituzten galderak. Besteak beste, galdetuko dute ea «euren baimenik gabe» haurrei eskoletan sexu-orientazio tailerrak ematea babesten duten, edo ea euren iritziz haurren artean transexualitatea errazteko prozedurak bultzatu behar diren edo ez. Gainontzeko galderak ere ildo berekoak izango dira.
Hungaria presio ugari jasaten ari da, batez ere EB Europako Batasuneko kideen aldetik; ekainaren 24an, EBko hamazazpi estatu kidek manifestu bateratu bat bidali zieten Batasuneko hiru instituzio nagusietako presidenteei, legea bertan behera uzteko baliabide guztiak erabiltzeko eskatuz. Gutuna sinatu zuten gobernuburuen artean daude, besteak beste, Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Emmanuel Macron Frantziako presidentea eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Litekeena da, Orbanen gobernuak onartutako lege homofoboak giza eskubideak urratzen dituela arrazoituz, Hungariako Gobernuak EBren funtsik ez jasotzea.
Hungariaren aurkako erasoa
Lehen ministroak Facebooken argitaratu duen bideo batean azaldu duenez, «azken asteetan Bruselak Hungariari eraso dio argi eta garbi, haurrak babesteko legea dela eta. Hungariako legeek ez dute baimentzen propaganda sexualik eskoletan, telebistan eta iragarkietan», esan du. «Gure haurren etorkizuna dago jokoan, eta ezin dugu amore eman gai honetan».
Zehazki, LGTBI kolektiboaren aurkako legeak debekatu egiten ditu ustez homosexualitatea eta transexualitatea bultzatzen dituzten iragarkiak eskoletan. Datorren urteko apirilean hauteskundeak egingo dituzte Hungarian, eta, askoren ustez, Orban«bere balio kristau eta tradizionalistak indartzeko» ari da erabiltzen lege hori.
Ez da lehen aldia Orbanek galdeketa bat antolatzen duena EBrekin duen gatazka bat argitzeko. Aurretik, 2016an, erreferendum bat egin zuen Batasunak hartu behar zituen migratzaileen kuotekin ez zetorrelako bat. Orduan, ordea, ez zuen baliorik izan galdeketak, parte hartzea ez baitzen iritsi %50eko gutxienekora.