Ordezkari politikoak helburu zituen sarekada egin zuen atzo Turkiako Poliziak Ipar Kurdistanen. Firat News agentziaren arabera, 23 lagun atxilotu zituen Mardin probintzian; horien artean daude BDP Bakearen eta Demokraziaren Alderdiak Mardinen duen diputatua, hainbat alkate, probintziako eta udaletako ordezkariak eta administrazioko kide ohiak. KCK Kurdistango Herri Konfederazioaren aurkako operazioa izan dela erran dute agintariek. Erakundeetako ordezkariak, alderdiak, eragileak eta norbanakoak biltzen ditu KCK-k, eta estatuarekiko funtzionamendu paraleloa du. Horregatik, Turkiak 2009an haren aurkako operazioak abiarazi zituen, PKK Kurdistango Langileriaren Alderdiarekin «lotura duten talde guztien aterkia» delakoan. Hiru egunetan 78 lagun atxilotu dituzte Ipar Kurdistanen, Firat Newsen arabera.
Azken atxilotu horien artean daude Turkiako hego-mendebaldeko Aydin hirian atzemandako hamabi lagun —horien artean Necmettin Uçar BDPko ordezkaria—. Operazio horren baitan atxilotutako azken laguna atzo goizean atzeman zuten, Ankaran. Turkiako IHD Giza Eskubideen Elkarteko kide Zana Aksu da hori. Hain zuzen, IHDk azken atxiloketak salatu ditu, eta bereziki eskatu du giza eskubideen arloko ekintzaileak eta ikasleak aske uzteko. «Agintariek genozidio politikorako operazioak amaitu behar dituzte. Dena KCK dela argudiatzea herrialdeko oposizioaren esparru guztien aurka jotzeko justifikazioa bilakatu da».
Hain zuzen, hiru egunetan Poliziak zazpi hiritan egin ditu atxiloketak, eta atzemandako anitz ikasleak dira. Firat Newsek dio «operazio politikoak» direla, eta Turkian agintean dagoen AKP Justizia eta Garapenerako alderdia egin du erantzule. Turkiako hedabideen arabera, atzo Mardinen atxilotutako 23 lagunei «erakunde terroristako kide» izatea, «erakunde terrorista bati laguntzea», eta «herrialdearen batasuna eta segurtasuna suntsitzen saiatzea» egozten die Poliziak.
Barne ministroari salaketa
Azken atxiloketa horiek BDPk Turkiako Barne ministroaren aurkako zentsura mozioa aurkeztu eta biharamunean egin ditu Poliziak. Hasip Kaplan diputatuak Idris Nahim Sahin ministroari leporatu dio «polizia estatu praktikekin Konstituzioa mesprezatzea» eta «hautatutako ordezkarien aurka bereizketarik gabeko erasoak» egitea. 2009tik KCKren aurkako operazioetan atxilotutakoen kopuruekin ere gezurra erratea egotzi dio Kaplanek Barne ministroari. Sahinen arabera, irailetik 277 lagun atxilotu ditu Poliziak, eta, guztira, 485 atzemandakoak dira. BDPko diputatuaren datuak, ordea, hagitz bertzelakoak dira: bi urtean 7.749 atxilotu, eta 4.000 espetxeratu epaiketaren zain.
Firat News agentziak emandako datuen arabera, azken urte erdian areagotu egin da kurduen aurkako errepresioa. Horren arabera, 4.500 lagun atxilotu dituzte, eta horietako 1.600 espetxeratu. Ipar Kurdistango ordezkari politikoen aurkako azken operazio handia duela bi aste eskas izan zen. Poliziak 130 lagun atxilotu zituen, horien artean BDPko presidenteordea. KCKrekin zerikusia izateagatik ere hainbat prozesu martxan paratu dira. Horietan handiena da Diyarbakirren iazko urrian hasi zena, eta oraindik amaitzeke dagoena. 151 politikari eta ekintzaile daude auzipetuta, tartean hamabi alkate.
Zortzi hildako atentatuan
Turkiak atxiloketa masiboen aldeko apustuarekin jarraitu du, eta gatazka armatua ere gogortu egin da. Gutxienez zortzi lagun hil ziren atzo Ipar Kurdistango hego-ekialdeko Bitlis probintzian, bonba bat lehertuta. Hildakoetako bortz militarrak dira, eta hiru zibilak, NTV katearen arabera. Agintariek PKKri egotzi diote erasoa. Anadolu agentzia ofizialak, berriz, bertze eraso baten berri eman zuen. Iraken menpeko Kurdistanekiko mugan soldadu bat hil zen leherketa batean.
Hain zuzen, Hego Kurdistanen aurkako bonbardaketei berrekin zien herenegun arratsean Turkiak, bi asteren ondoren. Kurdistango Gobernu Autonomoa mugako herriak husteko agindua betetzen hastearekin bat etorri da erasoa. Izan ere, Ankara eta Iraken menpeko Kurdistanen agintean dagoen gobernuak akordioa egin zuten, azken honek muga aldeko herrietatik zibilak mugitu zitzan, PKKren gordelekuen ondoan bizi direlakoan. Gobernu autonomoak erran du Turkiak eta Iranek eremuan egindako bonbardaketetan zibilen hilketak saihesteko egin duela hori.
Turkiak anitzetan egin ditu Hego Kurdistanen aurkako operazioak, PKKren gordelekuak suntsitzeko aitzakiarekin. Iran ere estrategia berbera erabiltzen hasi da, PJAK Kurdistanen Aske Bizitzeko Alderdia Iraken menpeko lurraldean babesten delakoan. Iragan abuztuan egin zuen azken erasoaldi handia Ankarak, eta irailean Teheranek.
Ordezkari politiko kurduen aurkako sarekada egin du Turkiako Poliziak
BDPko diputatu bat, alkateak eta eskualdeko eta udaletako ordezkariak daude 23 atxilotuen artean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu