Italia

Ordezkarien ganberaren konfiantza botoa lortu du Lettak

Silvio Berlusconiren alderdiak gobernua utzi ondoren, gehiengoaren babesa duen jakiteko jo du lehen ministroak diputatuengana. Senatua ere gaur da bozketa egitekoa.

mikel rodriguez
2013ko abenduaren 11
20:32
Entzun

Italiako Gobernuarentzat gaurko eguna "hasiera berri bat" izanen dela erran du Enrico Letta lehen ministroak, ordezkarien ganberan bozketa egin aitzinetik. 379 diputatuk egin dute gobernuaren alde, 212k aurka eta bik abstentzioa eman dute. Emaitza horrek irudikatu duena da Silvio Berlusconi lehen ministro ohiaren aldekoek gobernua utzita ere, Lettak behar bertzeko babesa daukala. Izan ere, PDL Askatasunaren Herria banatu ondoren, Forza Italiako diputatuek, Berlusconiren alderdikoek, gobernuaren aurkako botoa eman dute, baina Zentro-Eskuin Berria Angelino Alfanoren alderdikoek, aldekoa. Beppe Grilloren M5S Mugimenduak aurkako botoa eman du. Iragan apirilean, PDLk elkartuta gobernuaren alde egin zuenean, 453 diputaturen babesa lortu zuen Lettak, 153 agertu zitzaizkion aurka, eta hamazazpik eman zuten abstentzioa.

Senatuan, ordea, Lettaren alde agertu direnek ez dute gehiengo argia, eta bozketa estuagoa izanen dela espero da. Ordezkarien konfiantza lortzeak ez du automatikoki gobernuaren desegitea ekartzen, baina praktikan egoera ahulean utziko luke, eta zilegitasuna kaltetuta.

Tramitea gaindituz gero, Lettak hurrengo urterako "akordio zabal bat" egitea du helburu. Lau helburu nagusi edukiko lituzke akordio horrek: parlamentarien kopurua murriztea, probintziak abolitzea, parlamentuak eta senatuak botere maila bera izateari uztea, eta Konstituzioaren bortzgarren atala aldatzea —estatuaren eta eskualdeen eskumenei dagokiena—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.