150 puntuko akordioa itxi zuten atzo PPk eta Ciudadanosek. Hala, azken horrek Mariano Rajoyren presidentetza babestuko du aste honetako inbestidura saioan. Nolanahi ere, PPrentzat ez da nahikoa 170 aldeko boto lortzea, eta, babesa ez bada ere, beste 11 diputaturen abstentzioa behar du. Horretan saiatzeko bilera egin du gaur Rajoyk Sanchezekin, eta haren bizkar jarri du zama: "170 diputaturen babesa dut. Hirugarren hauteskundeetara joan nahi duzu?".
Baina PSOEk ez du jarrera aldatu. Izan ere, bereari eutsiko diola iragarri du Sanchezek; ez duela babestuko eta ez dela abstenituko esan dio Rajoyri, biek egin duten ordu erdiko bileran. Bilera osteko prentsaurrekoan azpimarratu du PPk ez badu nahikoa babes lortzen harena dela ardura bakarra, eta ez PSOErena.
Albert Rivera Ciudadanoseko buruaren arabera, PPrekin adostutako 150 puntuetatik 100ekin bat egin zuen PSOEk aurreko negoziazioetan, eta, beraz, badago akordiorako modua.
Inbestidura bihar hasiko da, Rajoyren hitzaldiarekin, eta asteazkenean egingo da aurreneko bozketa. Han, orain dituen baino sei baiezko boto gehiago behar ditu Rajoyk. Lortu ezean bigarren bozketa egingo litzateke, eta han, 170 baiezko boto horiez gain, 11 abstentzio behar ditu PPk. Halakorik lortuko ez balu, bi hilabeteko negoziazio fasea irekiko litzateke, eta denbora horretan konponbiderik aurkituko ez balute, hirugarren aldiz hauteskundeak egingo lirateke.