Iranek Ormuzko itsasarteko ariketa militarrak bukatu eta astebetera, Mendebaldearekiko lehia diplomatikoa ez da itzali. Programa nuklearraren ondorioz Irani nazioartean isolatuta gelditzea egotzi diote AEBek, baina hori ezeztatzeko Latinoamerikan barna bidaia hasi du Mahmud Ahmadineyad Irango presidenteak. Lehenbiziko geltokia atzo zanpatu zuen: Venezuela. Horrez gain, Iranek bi erabaki irmorekin erantzun dio Mendebaldearen presioari: alde batetik, AEBetako herritar bat exekutatzeko agindua eman du Teherango Auzitegi Islamiko Iraultzaileak, CIA Inteligentzia Agentzia Zentralarentzat espioitzan aritzea egotzita; bertzetik, uranioa aberasten hasi dela jakinarazi du Teheranek.
Venezuelan Hugo Chavez presidenteak harrera beroa egin dio Ahmadineyadi. Irango presidentea «benetako anaia» duela erran du, eta elkarrekin AEBen «erokeria inperialista» geldiaraziko dutela. Ahmadineyadek ere bat egin du bi adierazpen horiekin. Chavezek salatu du Iran eta Venezuela erasoa jasan dutenen artean daudela, baina AEBek «erasotzailetzat» agerrarazi nahi dituztela. «Inperialismoaren morroiek» bilkurari egotzitako izaera militarista ukatu du Chavezek. «Bonbak eta misilak eginen ditugu, baina pobreziari, goseari eta azpigarapenari aurre egiteko».
Ezberdinen arteko aliantza
Bi herrialdeak munduko petrolio ekoizle nagusienen artean daude, eta LPEE Lurralde Petrolio-Esportatzaileen Erakundearen baitan izan dute hartu-eman sendoena, «oinarrizko baliabide natural beraren defentsan», Nicolas Maduro Venezuelako Atzerri Ministroaren arabera.
AEBek iragan astean Latinoamerikako herrialdeei eskatu zieten Iranekin harremanak ez sakontzeko, horretarako «unea» ez dela argudiatuta. Venezuelako presidente Chavezek, ordea, ohartarazpen horiek errefusatu zituen herenegun, eta AEBek Iranen aurka hartutako neurriek «barregura» eman diotela adierazi zuen. Gaur Nikaraguara joatekoa da Ahmadineyad, Daniel Ortega presidentearen kargu hartze ekitaldian egoteko. Handik Kubara eta Ekuadorrera bidaiatuko du. Ezkerreko gobernua dute guztiek, eta AEBekin harreman txarra dute. Herrialde horietako agintariek eta Irangoek ideologia aski ezberdinak dituzte —errepublika islamiko teokratikoa da Iran—; Ahmadineyadek boterea hartu zuenetik (2005), ordea, Latinoamerikako hainbat herrialderekiko harremana landu du, gehienbat AEBekiko etsaitasuna elkarbanatzen dutelako.
Heriotza zigorra
Latinoamerikako bidaiaz gain, AEBen eta Iranen arteko bertze diplomazia fronte bat Amir Mirzayei Hekmatiren kasua da. Iranen heriotza zigorra ezarri diote, AEBetako Gobernu «erasotzailearentzat» lan egitea, CIAkoa izatea, eta Teheranen aurka «terrorismoaren laguntzaile izatearen akusazioak» prestatzeko asmoa egotzita. Hekmati mohareb izendatu du tribunalak, hau da, lege islamikoaren arabera, jainkoaren aurka armekin borrokatzeko asmotan harrapatu dutena.
Hekmati Irango jatorridun AEBetako herritarra da. Armadan ibilitakoa da, eta Irango inteligentzia zerbitzuek diote Afganistandik segitu zutela haren lorratza. Iragan abenduan atxilotu zuten Iranen, eta hil horren 27an egin zioten epaiketa. Etxe Zuriak, baina, Hekmati ez dela CIAkoa erran du, eta Teherani akusazio faltsuak egitea egotzi dio. Zigortuaren aitak, berriz, semea segurtasun pribatuko enpresa batentzat Qatarren lanean ari zela erran du.
Uranioa aberasten
Auzi nuklearrari dagokionez, berriz, Teheranek iragarritakoa berretsi du IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak, hau da, Iran uranioa aberasten hasi dela. Fordoko zentralean ekin dio ekoizpenari, Teherandik 160 kilometrora. IAEAk «bertako material nuklear guztia» du zaintzapean. Programa nuklearra erabilera zibilerako dela dio Iranek, baina AEBek helburu militarrekin aritzea egotzi diote. IAEAren arabera, Teheranek %20ra aberastu du uranioa. Victoria Nuland Estatu Departamentuko bozeramaileak erran du ehuneko horrek erakusten duel Iranen programak ez duela asmo zibila.
Ormuzko ariketen ondorena
Ahmadineyadek Venezuelan hasi du Latinoamerikako bira, Iran bakartuta ez dagoela erakusteko AEBei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu