Osasun erreformaren azterketa gaur bukatuko du AEBetako Gorenak

Barack Obamaren legea konstituzionala den ala ez datorren ekainetik aurrera jakinaraziko du justizia organo gorenak

Jon Fernandez.
2012ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
AEBetako Auzitegi Gorenak osasun erreformaren inguruan erabakitzen duenak zuzenean baldintza dezake Barack Obamak azaroko presidentetzarako hauteskundeetan izango duen emaitza. Halaxe diote AEBetako analista politiko gehienek. Obamaren erreformarik sakonena da osasun arlokoa, eta demokratek duela urte bi ordezkarien ganberan onartu bazuten ere, ez dago erabat ziurtatuta indarrean jarriko denik. Erreforma onartzearekin batera hasi ziren errepublikanoen esku dauden estatuak helegiteak jartzen, eta Auzitegi Gorenaren esku dago orain erabakia: erreforma konstituzionaltzat edo inkonstituzionaltzat jotzea.

Astelehenean hasi zuten azterketa, eta gaur bukatuko dute, baina epairik ez dute emango gutxienez ekainera arte. Bederatzi epailek osatzen dute Auzitegi Gorena: errepublikanoek aukeratutakoak dira bost, eta demokratek aukeratutakoak beste laurak. Erreforma atzera botaz gero, kolpe handia izango litzateke Obamarentzat, eta bultzada handi bat, berriz, errepublikanoentzat.

Herrialde industrializatu gehienetan ez bezala, AEBetan ez daukate osasun sistema publiko eta unibertsalik. Batetik, enpresek eskaintzen diete osasun estaldura euren langileei; bestetik, estatuak osasun programak eskaintzen dizkie txiroenei, beteranoei eta zaharrenei; azkenik, gizabanakoek eta familiek euren kabuz osasun aseguru garestiak ordaintzen dituzte. Eredua aldatzen ahalegindu dira zenbait presidente, baina inork ez du lortu.

AEBetako 50 milioi herritar inguruk ez dute osasun estaldurarik, eta beste 25 milioi lagunek ez dute behar besteko estaldurarik. Obamaren erreformak, hain zuzen, milioika herritarrengana zabaldu nahi du osasun estaldura, gizabanakoentzako eta estatuarentzako gastuak murriztuz. Horretarako, osasun aseguru bat izatera behartzen du herritar oro legeak, osterantzean, isuna ordaindu beharko du. Horixe da, hain zuzen, legearen punturik eztabaidatuena.

Eskubide indibidualak

Herritarren %47 daude erreformaren kontra, eta %36 alde, The New York Times egunkariak argitaratutako azken inkestaren arabera. Gizartearen ezkortasun hori aprobetxatuz, Obamaren kontrako tresna politiko gisa darabil Alderdi Errepublikanoak osasunaren erreforma, batez ereTea Party eskuin muturreko taldeak. Horien arabera, eskubide indibidualak urratzen ditu erreformak, osasun aseguruen merkatuan nahi ez duen zerbait erostera behartzen duelako jendea.

Osasun erreformaren aldekoek, bestalde, lege berriaren abantailak nabarmendu dituzte. 2010ean onartu bazen ere, sistema berria 2014n jarriko da erabat martxan —Auzitegi Gorenaren onarpena lortuz gero—, baina dagoeneko nabari dira aldaketak. AEBetako emakumeek, esaterako, %68 gehiago ordaintzen zuten osasun aseguruetan kontrazepzio tratamenduak eta gaixotasunen proba mediko prebentiboak ez zirelako aseguruaren barruan sartzen; 2010az geroztik doakoak dira tratamendu eta proba horiek.

Bestalde, 65 urtetik gorako herritarrek errezeta bakoitzean ordaintzen zuten kopurua ere jaitsi dute; gazteak, berriz, 26 urte bete arte geratzen dira gurasoen aseguru medikoaren barruan 2010az geroztik. Gaixotasun larriak izateagatik aseguru etxeek norbait baztertzea, gehiago kobratzea edo zerbitzu jakin batzuk ukatzea debekatzen du erreformak, baina hori 2014n sartuko da indarrean. Iaz, bestalde, 350 osasun zentro eraiki zituen Washingtonek baliabide gutxien duten eremuetan, eta, hala, 50 milioi herritar etxetik gertuago artatzen dituzte orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.