Ostiralak, musulmanen otoitz egunak, bereziki odoltsuak izan dira Sirian iragan martxoaren 15ean herritarrak Bashar Al Assaden erregimenaren kontra protestaka hasi zirenetik. Jainkoaren aurrean baino ez gara belaunikatuko izena eman zioten herritarrek atzoko egunari, eta milaka manifestari atera ziren kalera Al Assad kanporatzeko eskatzera. Azken egunetan nazioarteko presioa areagotu bada ere, armadak odolez busti du, beste behin, ostirala. Gutxienez hamahiru zibil hil dituzte herrialdeko hainbat hiritan, emakumeak eta adingabeak tartean.
Eguerdiko otoitzen ostean, meskitetatik atera eta erregimenaren kontrako manifestazioak egin zituzten atzo milaka herritarrek Damaskon, Daran, Latakian eta Haman, besteak beste. Hiria hamar egunez setiopean izan ostean, eta 200 lagunetik gora hil ostean, iragan asteazkenean erretiratu zen armada Hamatik. Harrezkero, atzokoa izan da erregimenaren kontrako lehen manifestazioa hirian, eta militarrek bi manifestari hil zituzten han. Horrez gain, Damaskon «gizonezko armadun batzuek» bi militar hil dituztela esan du Sana Siriako informazio agentzia ofizialak.
«Militarrek manifestari ororen kontra jaurti dituzte tiroak», azaldu du Omar Edelbe Tokiko Koordinazio Batzordeko bozeramaileak. Giza eskubideen aldeko erakundeek azaldu dutenez, meskitetatik ateratako manifestarien kontra oldartu da armada. Alepon, Duman, Deir al Zurren, Haman, Homsen, Idleben eta Sakban hil dituzten hamahiru zibilak meskitetatik oso gertu zeuden.
Izan ere, iragan abuztuaren 1ean Ramadana abiatu zenetik meskitak jarri ditu jomugan Al Assaden erregimenak. Otoitzaldien ostean, armadak fededunez betetako meskitak setiatzen ditu manifestariak ateratzea saihesteko, eta blindatutako autoek zaintzen dituzte inguruetako kaleak.
2.000 hildakotik gora
Ramadana hasi denetik, azken hamabi egunetan, 257 lagunetik gora hil dituzte. Hau da, pertsona bat hil dute 50 minutuko. Datorren astelehenean bost hilabete beteko dira erregimenaren kontrako protestak hasi zirenetik, eta dagoeneko 2.000 lagun baino gehiago hil dituzte —zibilak gehienak—, 3.000 lagun desagertuta daude, dozenaka mila lagunek ihes egin dute eta 15.000 inguru atxilotu dituzte, oposizioaren, giza eskubideen aldeko elkarteen eta NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera.
Erregimenaren kontrako nazioarteko presioa, berriz, areagotuz doa egunetik egunera. NBEren Segurtasun Kontseiluak Al Assaden kontrako gaitzespen adierazpena onartu zuen iragan abuztuaren 3an, eta AEBek zigor ekonomiko gehiago ezarri dizkiote erregimenari aste honetan. Gainera, Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak Al Assaden kontrako presioa areagotzeko eskatu die bereziki Txinari, Indiari eta Errusiari.
«Txina eta India gure ondoan ikusi nahi ditugu erregimenaren kontrako pausoak ematen. Izan ere, bi herrialdeek inbertsio handiak dituzte Sirian energiaren alorrean», adierazi du Clintonek. Horrez gain, Errusiak oraindik Al Assadi armak saltzen dizkiola salatu du, eta salmenta horiek eteteko eskatu dio Moskuri. Clintonen ustez, «petrolioaren eta gasaren industria zigortzea da Al Assadi presioa egiteko modurik onena», eta Europak norabide horretan pauso gehiago ematea nahi du.
Clintonek presio gehiago egiteko eskatu dio nazioarteari, eta AEBetako hainbat komunikabidek, berriz, zabaldu dute Barack Obama AEBetako presidenteak laster publikoki gogortuko duela Siriako erregimenaren kontrako diskurtsoa: orain artean eman ez duen pausoa eman eta Al Assad kanporatzeko eskatuko duela iragarri dute.
Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroarekin hitz egin zuen Obamak ostegunean, eta Siriako herritarren helburu demokratikoak errespetatu egin behar direla onartu zuten bi agintariek. Horrez gain, Abdula Gul Turkiako presidenteak gutun bat bidali dio Al Assadi, berandu baino lehen herritarrek eskatzen dizkioten erreformak egiteko eskatuz. «Egun batean atzera begiratuko duzu, eta damutu egingo zara gutxiegi eta beranduegi egin izanagatik, eta ez dut horrelakorik gertatzerik nahi», dio, besteak beste, gutunean. Ahmet Davutoglu Turkiako Atzerri ministroak eskura eman zion gutuna Al Assadi asteartean egin zion bisitan.
Libanoren beldurra
Siriako errepresio eta indarkeria egoerak zipriztinduko ote duen beldur da Libano, auzoko herrialdea. Herenegun bi lagun hil ziren Beirut iparraldeko Antelias herrian bonba bat jartzen ari zirenean, eta indarkeria hedatu daitekeelako mamua hedatu da herrialde osoan.
Gainera, Al Assaden kontra protesta egiten dutenentzat armak kontrabandoan garraiatzea leporatu dio Siriak Libanori, eta militar gehiago jarri ditu mugan. Michel Suleiman Libanoko presidenteak baieztatu du eragotzi egingo duela armen kontrabandoa eta neurriak hartuko dituela Siriatik ihesi iritsi diren herritarrentzat. Libanoko hirietan, berriz, ugalduz doaz siriarren aldeko manifestazioak.
Siria. Protestak
Ostirala odolez busti da Sirian, beste behin
Bashar Al Assaden erregimenaren kontrako protestak bost hil bete ditu, baina errepresioak bere hartan segitzen du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu