Ozeano Atlantikoan galdu da 228 lagun zeramatzan aireko bat

Brasil eta Frantzia arteko hegaldia egiten ari zen Airbus 330-200 airekoa; Fernando de Noronha uhartedian galdu zen harremana

2009ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Rio de Janeiro (Brasil) eta Paris (Frantzia) arteko bidea egiten ari zen Air France konpainiako Airbus A330-200 hegazkina harekin harremana galdu zenean. Ozeano Atlantikoaren gainean zegoela galdu zen airekoa, igandetik astelehenerako gauean. AF447 hegaldian 228 lagun zihoazen, eta denak desagertuta daude. Air France konpainiako arduradunek emandako argibideen arabera, airekoarekin harremana 01:33ean galdu zen -GMT ordua-. Uste da ekaitz batean harrapatua zelarik tximista batek jo zuela airekoa, arazo elektrikoak eraginez.

«Tamalez, baina, aire hondamendi baten aurrean gaudela ez dago zalantzarik». Pierre-Henri Gourgeone Air France konpainiako zuzendariak Parisko Charles de Gaulle nazioarteko aireportuan atzo arratsaldean eginiko prentsaurrekoan jasotako hitzak dira. François Brousse enpresako komunikazio arduradunak istripua eragin zuen hipotesiez aritu zen: «Segur aski trumoi baten erdian harrapatua izan dela airekoa eta tximistak jo egin duela». Jean-Louis Borloo Frantziako Ingurumen ministroak ere «zoritxarrez, hipotesia larrienean» pentsatu behar dela adierazi zuen: «Edozein aldetatik ikertuta ere zerbait larria gertatu dela seguru da».

Air Francek zabaldutako agiriaren arabera, Brasilek 01:33an galdu zuen harremana AF447 hegaldiarekin. Une hartan, kostaldetik 354 kilometrora zegoen hegazkina, Fernando de Noronha uhartediaren inguruetan. Gaueko ordu biak inguruan, berriz, hegazkina «zurrunbilo indartsuak zeuden esparru batean» sartu zela zehaztu dute agirian: «02:14an hegazkinak modu automatikoan igorritako mezu andanak matxuratze batzuen berri eman ziguten; hortik aurrera, hegazkinarekin harremana edukitzeko arauzko saioak egin ditugu, baina hauek erantzunik ez izatean jarri dugu indarrean alerta egoera».

Brasilgo armada bilaketetan

Brasilgo aire armadak atzo goizeko lehen orduetan hasi zituen galdutako hegazkinaren bilaketa lanak. Itsaso gainean airekoaren hondakinak antzemateko xedean, Fernando de Noronha uharteditik abiatu ziren aireko militarrak. Frantziak, bestalde, hegazkin militar bat abiarazi zuen Senegalgo base batetik, bilaketa lanetan parte hartzeko.

Parisko Charles de Gaulle aireportuan, anartean, krisia kabinetea ezarri zuten, hegaldian zihoazen lagunei eta senideei informazio eman eta laguntza eskaintze aldera. Itxura guztien arabera itsasoan hondatu egin den hegazkinean 216 bidaiari eta eskifaiako hamabi lagun zihoazen. Bidaiarien artean zortzi ume, 82 emakume eta 126 gizon zeuden. Bidaiaren jatorria ere zehaztu zuten; Brasilgo 80 lagun, Frantziako 73, Alemaniako hemezortzi, Italiako bederatzi, AEBetako sei, Txinako bost, Hungariako lau, Erresuma Batuko bi, Marokoko bi, Irlandako bi, Espainiako bat eta Herrialde Katalanetako bat.



Kronologia

AIRE ISTRIPU LARRIENAK

1977-03-27. Tenerifeko aireportuan (Espainia) bi hegazkinek elkar jo eta 583 lagunek bizia galdu zuten.

1985-08-12. Japan Airlines Boeing 747 bat erori zen ,Tokio eta Osaka artean: 520 hildako.

1996-11-12. Saudi Arabiako Boeing 747 batek eta Illyouchin-76 kazhakhstandar batek elkar jo zuten, New Delhiko (India) aireportuan: 349 hildako.

1974-03-03. Turkiako DC-10 bat erori zen, Ermenonvilleko basoan (Frantzia): 346 hildako.

1985-06-23. Air Indiako Boeing 747 bat Irlandako itsasaldean hondatu zen: 329 hildako.

1980-08-19. Saudi Arabiako Tristar aireko bat lurreratzean lehertu egin zen, Riadeko aireportuan: 301 hildako.

1996-01-08. Antonov-32 merkantzia aireko bat erori zen, Kinshasako merkatu batean (Kongoko Errepublika Demokratikoa): 300 hildakotik gora.

1988-07-03. USS Vincennes gerraontzi estatubatuarrak Iran Airko Airbus A300 bat lurrera bota zuen: 290 hildako.

2003-02-19. Irango armadako Illyouchin hegazkin bat erori egin zen: 275 hildako.

1979-05-25. American Airlines DC-10 bat erori zen aireratu eta berehala, Chicagon (AEB): 273 hildako.

1988-12-23. Pan Am Boeing 747 bat erori zen Lockerbie gainean(Eskozia), barruan bonba bat lehertuta: 270 hildako.

1983-09-01. Korean Airlines Boeing 747 bat airean lehertu zen Sobietar Batasuneko aireko militar batek erasota, Sakhalin uharte gainean: 269 hildako.

2001-11-12. American Airlines Airbus A300-600 bat erori zen, New Yorkeko (AEB) Kennedy aireportuan: 265 hildako.

1994-04-26. China Airlines Airbus A300-600 bat erori zen, Nagoyako aireportuan (Japonia): 264 hildako.

1991-07-11. Kanadako Nationair konpainiako DC-10 bat erori zen, Jeddako aireportuan (Saudi Arabia): 261 hildako.

1979-11-28. Air New Zeeland DC-10 batek Erebus mendia jo zuen (Antartikoa): 257 hildako.

1985-12-02. Airow Air DC-10 bat erori zen, Gandarko aireportuan (Kanada): 256 hildako.

1997-09-26. Garuda Airbus A300 Sumatrako uhartean (Indonesia) erori zen: 234 hildako.

1996-07-17. TWA Boeing 747 bat erori zen, New Yorkeko aireportuan (AEB): 230 hildako.

1998-09-02. MD11 aireko bat itsasoan hondatu zen, Eskozia Berria gainean: 229 hildako.

1997-08-05. Korean Airlines Boeing 747 bat erori zen, Guam uhartean: 228 hildako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.