New Hampshirera begira daude Mitt Romney eta Rick Santorum, datorren azaroan AEBetako presidentegai izateko Alderdi Errepublikanoko hautagaiak. Iowako caucus-ak ez du irabazle garbirik utzi; aitzitik, errepublikanoen arteko lehia gogor eta luzearen hasiera baino ez da izan. Zortzi botogatik irabazi dio Romney Massachusettseko gobernadore ohiak Santorum Pennsylvaniako senatari ohiari. Iowako alderdikideen %24,5en babesa jaso dute biek: 30.015 boto lehenak; 30.007 boto bigarrenak. Alderdiaren sektore zentrista irudikatzen du Romneyk, eta ultrakontserbadorea, berriz, Santorumek. Emaitzek argi utzi dute oraingoz ez dagoela alderdiaren gehiengoa konbentzitzen duen hautagairik, eta, beraz, bi sektore horien arteko borroka nagusituko da sei hilabete iraungo duten primarioetan.
Emaztea eta semeak ondoan dituela egin du Romneyk lehen bozketen balorazioa. Primarioetan lehiakide dituen alderdikideak kritikatu beharrean, baina, Barack Obama AEBetako presidentearen kontra hitz egin du. Etxe Zurira iritsiz gero herrialdea «bide egokian» jarriko duela esan du, baina ohartarazi du «lan asko» dagoela egiteko hori lortzeko. Santorum ere pozez gainezka agertu da kameren aurrean, eta eskerrak eman dizkie bere alde bozkatu dutenei. «Zuen laguntzarekin eta Jainkoaren graziarekin, gau dibertigarria izango dugu berriro astebete barru ere». Biak ere, garailearen hitzaldiak izan dira.
Inoizko babesik txikiena
Datorren abuztuaren 27an hautatuko dute errepublikanoek azaroko bozetan Obamaren lehiakide izango den presidentegaia, Tampako (Florida) konbentzioan. Primarioetan, hain justu, konbentzioan bozkatuko duten lurralde ordezkariak daude jokoan. Datorren astean, esaterako, hamabi ordezkari banatuko dituzte New Hampshiren. Iowan, berriz, hamahiru lortu ditu Romneyk, eta Santorumek hamabi.
Nolanahi ere, errepublikanoen primarioen historian Iowako irabazleak izandako babesik txikiena eskuratu du Romneyk. Orain arte Bob Dolek zuen marka: %26ko babesa jaso zuen 1996an. Iowako emaitzak, dena den, ez dira erabakigarriak. 2008an ere Romney zen faboritoetako bat, eta bigarren atera zuen Mike Huckabeeren atzetik; laugarren postuan geratu zen John McCain, gero presidentegaia izan zena. Atzo bertan, hain zuzen, bere babesa eskainiko zion McCainek Romneyri.
Iowako caucus-ak, bestalde, hautagai kopurua murrizteko galbahe gisa balio du batez ere. Michelle Bachmann Tea Partyren ordezkariak —hautagaien arteko emakume bakarrak— kanpaina utzi du Iowako porrotaren ostean: seigarren postua lortu du, botoen %5ekin. Halere, «sozialismoaren kontra borrokan» jarraituko duela iragarri du. Bestalde, Nick Perry Texaseko gobernadoreak nahi baino babes gutxiago jaso du —laugarren postua, botoen %10ekin—, eta haren parte hartzea ere kolokan dago: «Texasera itzuliko naiz, norgehiagoka honetan aurrera egiteko biderik ba ote dudan erabakitzeko».
Horrela, Romneyrekin eta Santorumekin batera, hurrenez hurren hirugarren eta laugarren geratu diren Ron Paul libertarioa eta Newt Gingrich Ordezkarien Ganberako presidene ohia dira errepublikanoen arteko borrokan pisu gehien izan dezaketen hautagaiak.
Ozta-ozta irabazi du Mitt Romneyk Iowan, eta ez dago faborito argirik
Rick Santorum ultrakontserbadorea geratu da bigarren, zortzi botoren aldeagatik; New Hampshiren izango da hurrengo bozketaMichelle Bachmannek kanpaina laga du, eta Rick Perryk laster erabakiko du zer egin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu