Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa NBEn

PAEk Laukotearen plana baztertu du, ez baita «behar bezain serioa»

Negoziatzeko borondatea berretsi dute palestinarrek, baina Israelek koloniak eraikitzeari uzteko eskatu dute horretarakoNBEren Segurtasun Kontseiluan zortzi kideren babesa bermatua duela dio PANek

2011ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Hilabete baino lehen israeldarrak eta palestinarrak negoziazio mahaian eser daitezen eskatzen duen Ekialde Hurbilerako Laukotearen —AEBak, EB, Errusia eta NBE— proposamena ezin duela onartu jakinarazi du PAE Palestina Askatzeko Erakundeak, «behar bezain serioa» ez delako. Izan ere, Laukoteak ez dio ezer Israelen kolonia politikaren inguruan, eta okupatutako lurretan eraikitzeari uzteko baldintza ezarri diote palestinarrek Israeli negoziaketetara itzultzeko. Baita 1967ko mugak onartzea ere.

Hain justu, irtenbidea 1967ko mugetan oinarritutako bi estatu sortzetik hasita lortuko dela berretsi du PAEk, eta hori lortzearren hitz egiteko borondatea dutela. Horretarako, baina, Laukotearen eskaera ekarri du gogora: bi aldeei probokazioak alde batera uzteko eskatu zieten. Horrek Israelen aldetik «ekintza kolonial oro etetea» esan nahi duela argi dauka PAEk. Israelek, ordea, ez du jarrera aldatu. «Gure zuhaitzak mozten dituzte, meskitei eta tenpluei eraso egiten diete, eta palestinarren aurkako kanpaina arrazista egiten dute», dio PAEren adierazpenak.

Aste honetan, hain justu, Jerusalem hegoaldean, Gilo auzoan, 1.100 etxebizitza gehiago eraikitzeko erabakia hartu du Israelgo Gobernuak. PAEren aburuz, horrek argi uzten du Israelek ez dituela errespetatzen bake prozesuaren oinarriak, ezta nazioartearen nahia eta nazioarteko legezkotasun ebazpenak ere.

Iazko irailean eten zuten negoziazio prozesua palestinarrek, Israelgo Gobernuak okupatutako lurraldetan berriz ere etxebizitzak eraikitzeko erabakia hartu eta gero. Hiru astez egon ziren negoziatzen. Ekialde Hurbilerako Laukoteak, berriz, mahaiaren bueltan eseri nahi ditu lehenbailehen bi aldeak, 2012. urtea amaitu baino lehen behin betiko bakea bermatuko duen akordio bat sina dezaten.

Boto bakar baten faltan

Bitartean, aurrera doa NBEn Palestina eskubide osoko estatu gisa onartzeko PAN Palestinako Aginte Nazionalaren proposamena. Rijad al Maliki PANeko Aginte Nazionaleko Atzerri ministroak jakinarazi du NBEko Segurtasun Kontseiluko zortzi kideren babesa dutela jada, eta azken boto erabakigarria lortzeko lan egiten ari direla.

Izan ere, proposamenak aurrera egin dezan, kontseiluko hamabost kideetatik bederatziren babesa lortu behar dute, eta beto eskubidea duen ezein herrialdek ezezkorik ez ematea —Frantzia, AEBak, Erresuma Batua, Txina eta Errusia—. Bederatzigarren botoa lortuz gero, AEBak betoa ematera behartuko lituzkete. Barack Obama AEBetako presidenteak, hain justu, bozketan PANen proposamenak bederatzi kideren babesa ez izatea nahi du, ez baitu palestinarren asmoa zapuzten duen modura agertu nahi.

Errusiak, Txinak, Indiak, Hegoafrikak, Brasilek, Libanok, Nigeriak eta Gabonek baiezkoa emango diote Palestina NBEko 194. estatua izateko eskaerari. Kolonbia eta Bosnia eta Hertzegovinan jarri dute esperantza orain, eta diplomazialariak azken horiek konbentzitzeko lanean ari dela jakinarazi dute. Hain justu, gaur egingo du bilera bat Segurtasun Kontseiluak PANen eskaera eztabaidatzeko. Dena den, gaur ez da erabakirik espero.

Bestalde, Europako Legebiltzarrean, osoko bilkuran, «palestinarrek NBEn ordezkaritza izateko bidezko eskaera» babestu dute. Egungo egoera «onartezina» dela adierazi dute, eta 27 herrialdeei gai honen inguruan jarrera «bateratua» izateko eskatu diete. Bi estaturen irtenbidea babesten du Europak, 1967ko mugetan oinarrituta, eta diote Jerusalemek izan behar duela bi herrialdeen hiriburua.

Ekonomiaren oztopoa

«Palestinarrak okupatuta ez baleude, euren ekonomia egun denaren bikoitza litzateke», dio PANeko Ekonomia Sailak argitaratu duen txostenak. Lehendabiziko aldiz, okupazioaren kostu ekonomikoa neurtu dute, eta 2010ean, kasik 7.000 milioi dolarrekoa dela jakinarazi dute, BPGaren %85, alegia.

Hain justu, okupazioaren kostu ekonomikoa izan da palestinarrek estatu propioa izan dezaten NBEra joateko arrazoietako bat. «Okupazioak bukatu behar du, ekonomia garatzeko, jendeak lana lortzeko, fabrikak sortzeko eta bizitzeko kanpoko laguntzen beharrik ez duen estatu independente bat sortzeko», dio txostenak.

Israelek 2007tik Gazari ezarritako blokeoak egiten dio ekonomiari kalte handien. Nazioarteko merkataritza oztopatzen du, elektrizitate hornidura eteten du eta itsasoko sarrera mugatzen du Israelek bertan. Bonbardaketenkalteak gehituta, Gazako ekonomia erabat trabatuta dagoela salatu dute. Okupaziorik gabe PANek irabaziak lituzkeela ere azaldu dute.

Aste honetan, palestinarrekin merkataritza harremanak izatea onartu du Europako Batasunak. Datorren urtetik aurrera zergarik ordaindu gabe Europako Batasuneko herrialdeei bere produktuak saldu ahalko dizkie PANek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.