PAEren arabera, negoziazioek porrot egin dute palestinarren eta Israelen artean

Palestinarrek salatu dute Jordaniako bileretan Tel Avivek ez duela akordiorik egiteko asmorik agertu

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
PAE Palestina Askatzeko Erakundeak eta Israelek Jordanian egindako negoziaketek ez dute arrakastarik izan. Saeb Erekat eta Izhak Moljo PAEko eta Israelgo ordezkariak astelehenean eta aurreko asteko asteartean bildu ziren Ammanen, etxebizitzen eraikuntzaz eta mugetako segurtasunaz eztabaidatzeko. Bilerak aurrera egin behar zuen datozen hilabeteetan, baina, PAEren arabera, negoziazioek huts egin dute, Israel ez delako ados jartzeko prest agertu.

Elkarrizketei berriz ekiteko, Israelek palestinarren nahiak entzun behar ditu, Hanan Ashrawi PAEko kidearen esanetan. «Israelek Jerusalem Ekialdean eraikitzeari utzi behar dio, eta 1967ko mugetan oinarritutako Palestina Estatua onartu behar du. Ezinezkoa da negoziatzea Israelek baldintza horiek onartzen ez dituen artean». Horrez gain, bake prozesuan jarrera kontrajarria izatea leporatu dio Ashrawik Israeli: «Israelek bi estatu sortzeko aukera deuseztatzen jarraitu du».

Laukotearen eskaera

Asteleheneko elkarrizketak hasi aurretik ere, adostasunen bat lortzeko itxaropenik gabe zegoen PAEko kidea. «Ez genuen ezer lortzerik espero bilerarekin. Hemendik aurrera, PAEren helburuak NBE Nazio Batuen Erakundeak Palestina eskubide osoko kide modura onartzea eta Nazio Batuetako erakunde guztietan sartzea izango da, PAN indartzearekin batera».

PAEren ustetan, Ekialde Hurbilerako Laukoteak —AEBak, EB, Errusia eta NBE— estu hartu behar du Israel, horrek jarrera alda dezan. PAEk negoziazioak bertan behera utziko dituela egindako mehatxuari erantzunez, Laukoteak «konfiantza sortzeko neurriak» hartzeko eskatu dio Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari. Laukotearen arabera, Israelek preso palestinarrak askatu beharko lituzke, edota PANen aginte ahalmena handitu, bien arteko elkarrizketei berriz ere ekiteko. Ordea, Israelek PAEko buruen mugikortasuna mugatu du, Mahmud Abbas presidentearena barne.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.