Irlanda iparraldeko alderdi nagusiei Londresko eta Dublingo gobernuek ezarritako epemuga atzo bukatzen bazen ere, gobernu autonomoko ministroak izendatu gabe geratu zirenez, martxoa arte itxaron beharko da Gobernua osatzeko. DUP Alderdi Unionista Demokratikoko buru Ian Paisleyk uko egin zion lehen ministroa izendatzeari -bera jotzen zuten posturako hautagairik ziurrentzat-; soilik Sinn Feinek Poliziari eta Justiziari zin egin ondotik izendatuko zuela esan zuen. Sinn Feinek bere bigarren burua, Martin McGuinness, lehen ministrorde posturako izendatu izanak ez zuen deusetarako balio izan, beraz. Halere, bai Londresek bai Dublinek prozesua ez dela hil eta aurrera egingo duela nabarmendu zuten. Legebiltzarreko saioan ezusteko galanta izan zuten atzo, Michael Stone preso loialista ohia oihuka eta armatuta sartu baitzen. Ondorioz, saioa eten egin behar izan zuten.
Londresen Ipar Irlandarako idazkari Peter Hainek esan zuen eraso saioak argi uzten zuela zeinen garrantzitsua den «probintziaren» -Londresen eta unionisten terminoa- etorkizunerako aterabide politikoa aurkitzea.
Hainek Legebiltzarreko saioa baino lehen berretsi zuen alderdiek ministroak izendatu ezean, ganbera desegingo zuela. Legebiltzarraren funtzionamendu normala 2002ko urrian eten zuen Londresek, IRAren ustezko espioitza sare bat argudiatuta. 2003an hauteskundeak egin zituzten arren, eta espioitza sarea benetakoa zela frogatzerik izan ez zuten arren, hautatutako diputatuek ezin izan dute ohi bezala lan egiterik izan.
Stone Paisley traidore! Ez dugu amore emango! oihukatzen sartu zen, haren ohiko No surrender leloa aintzat hartuz. Hura atxilotu ondotik Poliziak jakinarazi zuen pistola simulatu bat eta laban bat atzeman zizkiotela. Gainera, soldadu britainiarrek hark motxila batean Legebiltzarreko sarrerara jaurtitako zortzi bat tutu bonba -etxean eginak- indargabetu zituztela esan zuten iturri ofizialek. Stone artritisak jota dagoela eta botikak hartzen dabilela azaldu zuten gero haren lagun batzuek.
Bien bitartean, Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blairrek Sinn Feini eskatu zion DUPeren eskakizunak aintzat izateko. Irlandako lehen ministro Bertie Ahern haserre agertu zen Paisleyk ez zuelako oso argi azaldu martxoan Sinn Feinekin boterea partekatzeko prest agertuko den edo ez. «Egun ona izango zen gaur [atzo] argi hitz egin izan balu; Paisley hitz sinpleetako gizona da, baina gaur ez du hala jokatu».
Sinn Feineko presidente Gerry Adamsek esan zuen dauden erronkei «elkarrekin» egin behar dietela aurre DUPek eta Sinn Feinek. Herenegun Adamsek ohartarazi zuen atzo ministrorik izendatu ezean, aurrerantzean Londresek eta Dublinek hartu beharko dituztela Irlanda iparraldeari dagozkion erabakiak.
Paisleyk uko egin dio lehen ministroa izendatzeari, epearen azken egunean
Preso ohi loialista batek Ipar Irlandako Legebiltzarraren saioa eten du, arma eta lehergailuak aldean zituela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu