Kaxmir

Pakistanek eta Indiak su-etena aldarrikatu dute Kaxmirren

Pakistango eta Indiako gobernuek Kaxmirko Kontrol Lerroko borrokak etetea hitzartu dute gaur gauerditik aurrera. Kaxmirko gatazka behin betiko konpontzeko lehen urratsa izan daiteke Pakistanek eta Indiak eman dutena. 1971an Nazio Batuek ezarri zuten zazpirehun kilometrotatik gorako Kontrol Lerroaren ingurua baketzeko bidea izan daiteke, alde batetik zein bestetik, egunerokoak izaten baitira Indiako eta Pakistango armaden erasoak.

2003ko azaroaren 25a
14:57
Entzun
Pakistanen eta Indiaren arteko harremanak gatazkatasuak dira berez, eta ika-mika horietako puntu gorienetako bat Kaxmirren inguruko afera da.

Erresuma Batuak independentzia eman, eta bi herrialdeen arteko zatiketaren ondoren (duela 56 urte) , Kaxmir aparte geratu zen hasiera batean, eta hango agintariek independentzia nahi zuten. Nolanahi ere, Kaxmirko zenbait talde musulmanek Pakistanekin bat egin gura zuten —estatu islamikoa baita—, eta, ondorioz, garai hartan Kaxmirko agintari nagusi zen Hari Singh maraja hinduak Indiari babesa eskatu zion. New Delhik Armada bidali zuen Kaxmirrera 1947an, eta orduan piztu zen Pakistanen eta Indiaren arteko lehendabiziko gerra.

1948an eta 1949an Nazio Batuek Kaxmirko bizilagunek autodeterminazioa eskubidea aintzatesten duten ebazpen bana onartu zituzten, baina Indiak ez ditu ontzat ematen. Harrezkero, Kaxmir inguruan Indiako eta Pakistango armaden arteko liskarrak etengabeak dira, eta lurraldea bitan banatuta dago: Pakistanen menpekoa, batetik, eta Indiaren menpekoa, bestetik. Gainera, duela hamalau urte talde gerrillari musulman bat armetan altxatu zen Indiaren menpeko zatian. Epe horretan, 100.000 bat lagun hil dira gatazka horren ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.