Pakistanen 15 pertsona hil dituzte atentatu suizida batean

Balutxistanen Irango aldean, berriz, borrokak izan dira Poliziaren eta ekintzaileen artean

arantxa elizegi egilegor
2007ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Irango mugatik gertu, Balutxistan probintziaren Pakistango aldean ekintzaile batek aldean zeramatzan lehergailuak zartarazi eta gutxienez 15 pertsona hil zituen atzo. Atentatuak 30 zauritutik gora eragin zituen. Goizeko hamaikak aldera izan zen eztanda. Kuettako epaitegian Abdul Wahid Durrani epaiketa bat zuzentzen ari zela izan zen leherketa. Hildakoen artean daude epailea bera eta sei abokatu, baita ekintzailea ere.

Lerro hauek idazteko unean, inork ez zuen bere gain hartu erasoa, baina Poliziak Balutxistan Askatzeko Armada izeneko talde armatuari egotzi dio atentatua. Duela zazpi urte sortu zen taldea, 2000ko udan. Gutxiengo balutxaren eskubideak defendatzea eta Iran, Pakistan eta Afganistanen artean banatuta dagoen Balutxistanen independentzia lortzea zuen helburu.

Pakistango Barne ministro Aftab Ahmed Khanek gaitzetsi egin du erasoa: «Ekintza kriminalek ez dute Gobernua geldituko terrorismoa desagerrarazteko lanean».



IRANGO ALDEAN ERE LISKARRAK. Iranen menpe dagoen Balutxistanen ere liskarrak izan ziren atzo. Herenegun biktimarik gabe izandako atentatuaren ostean hasi ziren borrokak. Zahedango eskola batean izan zen eztanda. Jundala izeneko talde armatu sunitak hartu zuen bere gain atentatua. Asteazkeneko eztandan hildako 11 pertsonen hileta amaitu eta gutxira zartarazi zuten bigarren lehergailua. Handik minutu eskasera hasi ziren borrokak.

Poliziak ustezko 68 ekintzaile atxilotu ditu asteazkenaz geroztik. Bestalde, agintariek Jundalari laguntzea leporatzen diete Erresuma Batuari eta AEBei. Haien arabera, etnien arteko borrokak bultzatu nahi dituzte horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.