Pakistanen 40 lagun hil dira talibanen aurkako milizia baten kontrako atentatuan

TTP gerrillak bere gain hartu du erasoaren erantzukizuna; Mohmand probintziako hiriburuan izan da

2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Pakistango talibanen aurka borrokan ari den herritar milizia baten kontra atzo izandako atentatu suizida bikoitzean, gutxienez 40 lagun hil eta 60 zauritu ziren. Mohmand probintziako Ghalanai hiriburuan izandako erasoa bere gain hartu du TTP gerrilla islamistak.

Probintziako administrazio egoitza nagusian, lekuko agintarien eta taliban gerrillariei aurre egiten dien milizia bateko buruzagien arteko bilera egiten ari zirela gertatu zen erasoa. Polizia jantziak zeuzkaten bi ekintzaile joan ziren bilkura egiten ari ziren lekura, eta soinean ezkutatuta zeuzkaten lehergailuak zartarazi zituzten. Leherketek triskantza handia eragin zuten, zeren eta, bi ekintzaile suizidez gain, berrogei bat lagun hil ziren atentatuan. «Badaude 40 hildako, gutxienez, eta 60 bat zauritu, horien artean 25 oso larri daudelarik», adierazi zuen eskualdeko gobernadore Amjad Alik. Hark zehaztu zuen ekintzaileetako batek bere burua zartarazi zuela egoitzaren atarian eta besteak, berriz, bulego batean.

Erasoa gertatu zen unean ehun bat lagun zeuden eraikinaren barruan. Hortaz, hildakoen artean, tokiko administrazioko hamar bat langile badaude. Telebista kate bateko bi kazetarik ere bizia galdu zuten leherketetan. Agintariek ez dute zehaztu, ordea, lekuko agintaririk eta talibanen aurkako miliziako kiderik dagoen ala ez biktimen artean.

Omar Khalid TTP Pakistango Talibanen Mugimenduko tokiko buruzagiak bere gain hartu zuen erasoaren erantzukizuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.