Pakistanen 7.000 lagun hil zituzten iaz, 2010ean baino 3.000 gutxiago

Islamabaden arabera, bake akordioek eta talibanen erasoen murrizketak jaitsi dute heriotza kopurua

Ane Urrutikoetxea.
2012ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Urtebetean %29 jaitsi da hildakoen kopurua Pakistanen. Pips Pakistango Bake Ikerketarako Institutuaren txosten baten arabera, 7.107 lagun hil ziren 2011. urtean, segurtasun indarren eta talibanen arteko borroketan. 2010. urtean, berriz, 10.003 lagun hil ziren, 3.000 gehiago, hain zuzen ere. Pipsen esanetan, agintariekin lortutako bake akordioei esker jaitsi da heriotza kopurua, baita talibanen aurkako ekintzei esker ere. Horrekin batera, «eraso terroristetan» hildako lagunen kopurua %18 jaitsi dela nabarmendu dute txostenean. 2011n 2.391 lagun hil ziren eraso horietan, eta 2.913, berriz, 2010ean.

Gainontzekoak talibanen aurkako armadaren ekintzetan hil ziren iaz. Nazioarteko segurtasun indarren erasoetan 1.668 lagun hil ziren, eta Pakistango armadaren ekintzetan, berriz, 1.046. Horrez gain, AEB Ameriketako Estatu Batuek piloturik gabeko hegazkinekin egindako erasoek 557 lagun hil zituzten. Pips institutuak gaur argitaratuko du txostena osorik, hildakoen inguruko informazioa erabat argitzeko.

Txostenaren arabera, hildakoen kopurua nabarmen jaitsi den arren, ia egunero gertatzen dira erasoak Pakistan eta Afganistanen arteko mugan. Armadak ustezko hamar taliban hil zituen gutxienez atzo, Kurram herrialdean, Pakistan mendebaldean. Bestalde, Khyber herrialdean beste zazpi pertsona hil ziren talde armatuen arteko borroketan. Khyber inguruan talde armatu ugari daude, esate baterak,o Laxkar-e-Islam taldea. Afganistango mugatik 2.600 kilometrora dago soilik, eta egunero milaka lagunek gurutzatzen dute herrialdea. Horregatik, hango egoera oso ezegonkorra da. Hala ere, Afganistango talibanek berriz ere bake negoziazioei ekiteko asmoa dute, eta, helburu horretarako, bulego bat ireki dute Qatarren.

Muga arteko egoera kaotikoaz baliatzen dira talibanak Afganistandik ihes egin eta Pakistango gotorlekuetan ezkutatzeko.AEBetako armadak gogor eraso dio inguruari azken urtean, Pakistango Gobernuaren nahien aurka askotan, eta bi herrialdeen arteko harremanak nabarmen gaiztotu dira. Iazko azaroaren 27an, esate baterako, Natok Pakistango 26 soldadu hil zituen gutxienez. Gertaera horrek erabat urrundu ditu bi herrialdeak, eta, atzo bertan, Pakistanek mugetako errepideak blokeatu zituen, Natoren garraioei bidea itxita.

Bin Ladenen heriotza aztergai

Osama bin Laden Al-Qaedako buruaren heriotza aztertzen duen Pakistango batzordeak 190.000 dokumentu aztertuko dituela iragarri du. Bin Ladenen Abbottabadeko etxean aurkitu zituzten dokumentuak, eta, besteak beste, Al-Qaedako buruak idatzitako egunerokoek eta eskutitzek osatzen dute informazio multzoa. Horrekin batera, bi disko gogor ikertuko dituzte.

Batzordearen esanetan, dokumentu multzoak Bin Ladenen heriotzaren nondik norakoak argituko ditu. Dena den, AurretikAEBetako armada Bin Ladenen etxean izan zela eta informazio ugari lapurtu zutela salatu dute. Batzordearen helburua AEBen jokaera zilegi izan ote zen argitzea da; izan ere, Pakistango Gobernuaren baimenik gabe eraso zioten Bin Ladenen etxeari. Al-Qaedako buruaren heriotzaren inguruko txostena hilaren bukaerarako amaituko dute, eta ondoren gobernuak erabakiko du emaitzak argitaratu edo ez. Batzordeko ikertzaileen ustetan, txostena ez da argitaratuko.

AEBen talibanen aurkako gerran mugarria da Pakistan, eta azken urtean hildakoen kopurua jaitsi egin den arren, bi herrialdeen arteko harremanak inoiz baino gehiago gaiztotu dira. Dena den, AEBek Pakistanen laguntza behar dute; izan ere, talibanen buruzagiak herrialdeko gotorlekuetan ezkutatzen dira. Horregatik, AEBek urteetan diruz finanatzatu dute Pakistango armada.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.