Pakistanen airez sartu nahi izana ukatu dute AEBek

Pakistango armadaren arabera, tiroz geldiarazi dituzte Afganistandik herrialdera sartu nahi zuten AEBetako helikopteroak

2008ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Pentagonoak ukatu egin du Afganistango mugatik barrena Pakistanera helikopteroak bidali izana eta, bide batez, baita Pakistango armadak haiek tiroz geldiarazi izana ere. Atzo, hedabideei egindako deklaraziotan, Pentagonoko bozeramaile Bryan Whitmanek baliogabetu egin nahi izan zuen ordu batzuk lehenago Islamabadeko iturriek jakinarazitako bertsioa. «Batean eta bestean begiratu, kontu horren inguruko zerbait jakin dezaketen leku guztietan, eta ez dut halako informaziorik topatu», ziurtatu zuen Whitmanek. «Erasoa ez zen gertatu. Informazio faltsua da».

Deklarazioak deklarazio, ordea, Pakistango armadako iturriek goizean esandakoari eutsi zioten. Haien arabera, AEBetako zazpi helikopterok Afganistango Paktika probintziatik abiatu, eta herrialde horren eta Pakistanen arteko muga zeharkatzen saiatu ziren. Hego Waziristanera sartzea zen haien asmoa, han babesturik leudekeen talibanak erasotzeko. Islamabaden bertsioaren arabera, Pakistango armadak tiroz eraso eta eragotzi egin zieten operazio hori. Tiroketak ordu ugari iraun zuela nabarmendu zuen, gainera, Islamabadeko militarren bozeramaile Murad Khan jeneralak. Balizko borroka Angoor Adda herrixkaren parean gertatu zen, Hego Waziristango Wana hiriburutik 30 bat kilometrora.

Gertakaria baieztatuz gero,Islamabadi baimenik eskatu gabe AEBetako armadak Pakistanen egindako lehen operazioa litzateke. Halakorik izango zela aurreratuzuen joan den astean AEBetako armadako buru Michael Mullenek, egun batzuk lehenago The New York Times-ek argitaratutakoa baieztatuz. Mullenen arabera, AEBetako armadak ez du Islamabadeko gobernuaren baimenik beharko Pakistanen erasoak egiteko. Hala, George Bush presidenteak ez dio AEBetako militarrei oztoporik jarriko Afganistanetik Pakistanera sartzekoeta han ekintzaile talibanen kontra jarduteko. Erabakia joan den astean ezagutarazi bazuten ere, The New York Times-en arabera, pasa den uztailean harturikoa da.

CIA Inteligentzia Agentzia Zentralak Hego Waziristanen mugaz gaindiko erasoak egin izan dituela maiz salatu izan du Islamabadek. Izan ere, Pakistan iparraldeko mendi eremu horretan talibanak eta Osama Bin Laden bera dagoela uste du CIAk.Orain artekoak, ordea, estalitako erasoak ziren. Baina joan irailaren 3an gertatutakoak-Mullenen adierazpenen aurretik- istilu diplomatikoa eragin zuen. Afganistan eta Pakistanen arteko muga zeharkatu eta ekintzaile talibanen aurkako erasoa egin zuten AEBek, Hego Waziristanen. Hogei izan ziren hildako zibilak.

Horren aurrean, eta batez ere Washigtonen erabakia ezagutu ondoren, Yusuf Raza Guilani Pakistango lehen ministroak atzerriko soldaduen erasoak ez dituela onartuko adierazi du. Ashfaq Pervez Kiyani Pakistango armadako buruaren ustez, gainera, AEBen jarrera horrek talibanen erasoak areagotu baino ez ditu egingo.

Adituen arabera, AEBetakoadministrazioa aspalditik ari zen Pakistanen sartu edo ez erabaki nahian. Uztailean izandako bi gertakarik, ordea, Bushen pazientzia amaitu dute. Afganistango Kabul hiriburuan Indiako enbaxada bonbardatu izana da gertakari horietako bat; Pakistango inteligentzia zerbitzua legoke horren atzean, AEBen txostenen arabera. Eta uztailaren 13an gertatutakoa da bigarrena. Afganistan ekialdean izandako eraso baten ondorioz AEBetako bederatzi soldadu hil ziren. Hego Waziristanen babestutako talibanek egin zituzten eraso horiek, aidanez.

Horiek hala, Pakistango Gobernuak «ezin duela edo ez duela nahi» Hego Waziristan kontrolpean hartu ondorioztatu du Washingtonek. Bushek «gehiago zain egon gabe, ardura bere gain hartzea erabaki du», azaldu du Washingtonentzat Ekialde Hurbilean lanean diharduen Stratfor inteligentzia agentzia pribatuko arduradunak, Kamran Bokharik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.