Pakistango meskita batean gutxienez 45 pertsona hil eta ehundik gora zauritu dituzte atentatu suizida batean. Lekukoen arabera, 15-16 urte ditu bere burua leherrarazi duen gazteak; meskitaren leihotik sartu da, 500 lagun inguru ostiraleroko otoitzak egiten ari ziren bitartean.
Jamrud inguruan gertatu da atentatua, Afganistango mugatik oso gertu. Inguru horietan ez dago ospitalerik; hortaz, zaurituak Peshauarreko ospitalera eraman dituzte; asko larri daude, eta datozen orduetan hildakoen kopuruak gora egingo du ziurrenik.
Duela egun batzuk, Jamrudeko agintariek hango meskitara sartzeko debekua ezarri zien talibanei, eta, batzuen ustez, mendeku hartzeko egin diote eraso meskitari.
Jamrud nahiko leku estrategikoa da, Pakistandik Afganistanera pasatzeko igarobide nagusia baita; bide hori erabiltzen dute Afganistanen dauden nazioarteko tropei hornidura bidaltzeko. Hori dela eta, nahiko ohikoak dira banden arteko liskarrak.
Waziristanen, berriz, gutxienez lau lagun hil dituzte AEB Ameriketako Estatu Batuetako hegazkinetatik jaurtitako misilekin.
Zigorgabetasuna salatu dute
NBE Nazio Batuen Erakundeak, berriz, Pakistango zigorgabetasuna salatu du azken bi urteetan herrialdean hil dituzten 25 kazetarien kasua dela eta. «Hilketa horietako bat bera ere ez dute aztertu», adierazi du Rupert Colville Giza Eskubideetarako goi mandatariak. Haren hitzetan, «kazetarientzat munduko lekurik arriskutsuenetariko bat» da Pakistan.
NBEren arabera, Waziristanen soilik, 25 kazetari, idazle eta giza ekintzaile hil dituzte urteko lehen lau hilabeteetan, eta 143 desagerpen salatu dituzte.
Pakistanen gutxienez 45 lagun hil dituzte meskita bati egindako eraso suizidan
Ehundik gora zauritu dira; atentatua egin dutenean 500 lagun inguru zeuden han, ostiraleroko otoitzean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu