Ekainetik zuten soldaduek Hego Waziristan (Pakistan) inguratuta. Islamabadek eraso agindua noiz emango zain egin dituzte azken hilabeteak, mugan. Kasubakanetan egin dute talibanen aurka, eta ia guztietan airez, Afganistanekin muga egiten duen eskualde horretan gehiegi sartu gabe. Alabaina, azken asteetan, indar erakustaldi handiegia egin dute ekintzaile islamistek: dozena erdi atentatutan ia 200 lagun hil dituzte, eta euren modus operandi-ak agintariak ere kezkatu ditu. Izan ere, talibanak indarra hartzen ari dira Pakistanen, eta euren jarduteko modua gero eta antolatuagoa da. Horrek probokatu du Islamabaden erabakia. Hala, 30.000 soldadu ingururekin, Hakimulla Mehsuden aginduetara dauden talibanak garaitzeko operazioa hasi du.
Bi hilabete inguru iraun behar du erasoaldiak: negua hasi aurretik, alegia, Hego Waziristanen gerra egitea zailegi bihurtu aurretik, Pakistanen talibanek duten gotorlekurik handiena desegin nahi du Gobernuak.
Dena dela, agintarien eta adituen artean badira erasoaldia hasteko agindua beranduegi eman dutela diotenak ere. Abuztuan, izan ere, ordura arte Hego Waziristango talibanen buru izandakoa hil zuten AEB Ameriketako Estatu Batuek, aire erasoan -azken bi urteetan maiz egin ditu Washingtonek gisa horretako erasoak Afganistanekin muga egiten duten eskualdeetan-. Adituen arabera, Beitulla Mehsuden ordezkoa aukeratu arteko denbora tartean, horrek utzitako hutsa nork bete behar zuen erabaki ezinak krisialdia zabaldu zuen iraileko lehen asteetan. Hura zen momentu egokia Hego Waziristango talibanen aurka egiteko. Hala gogorarazi diote adituek Gobernuari: erasoaldia hasteko erabakia orduan hartu izan balu, azken asteetako atentatu oldea saihestu ahal izango lukeelakoan daude.
Desplazatuak
«Garaiek agintzen duten estrategia militarraren barne, Hego Waziristanen operazioa hasteko argi berdea eman dute agintariek». Pakistango Gobernuko bozeramaile Zafar Jababek eman du Islamabaden herenegun hartutako erabakiaren berri. Bilera horretan, Ashfaq Pervez Kiyani armadaburuak segurtasunaren egoeraren berri eman zien gobernuko kide eta alderdi politikoei; eta haren azalpenak entzunda erabaki zuen Yusuf Raza Gilaniren gobernuak operazioa hastea. «Herrialdean sufritutako atentatuen ondotik, Hego Waziristanen zerbait egin behar zela erabaki zuten bilerako parte-hartzaileek. Erabaki horren aldeko adostasuna zabala izan zen», azaldu du eledunak.
Horren adierazpenak izan dira Gobernuaren asmoen berri emanez egin den jakinarazpenik formalena. Haatik, datozen egunetan ere Gobernuak erasoaldia hasi izanaren ohar ofizialik ez duela emango adierazi du Jababek. Herenegun hasitakoa «ezusteko erasoa» izatea nahi dutela argudiatu du eledunak; atzo, hala ere, talibanen eta soldaduen arteko aurrez aurrekoak hasiak ziren eskualde hartan.
Armadaren operazioa berehalakoa zela jakitun, halaber, milaka herritar ihes egiten hasiak ziren pasa den abuztutik. Hala adierazi du Ariane Rummery Pakistango UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak: «Erasoaldia hasiko zela eta, zibilen exodoan gorakada nabarmena izan da azken egunetan». Hego Waziristandik ihes egindako gehienek iparraldera dauden Tank eta Dera Ismail Khanera egin dute.
Hala ere, ez dira bakarrak indarkeriak eraginda erabakiko dutenak euren etxeak atzean uztea. Armadak Hego Waziristanen barrura egiten duen heinean, desplazatuen kopurua bikoiztu egingo dela uste du UNHCRek. Ezinbestean lekuz aldatuko beharko duten herritarrak 250.000 ere izan daitezkeela dio NBE Nazio Batuen Erakundeko agentzia horrek.
Bestelako biktimak ere izango dira, baina: atzo, besteak beste, hildakoak dozenaka zirela zioten tokiko iturriek. Hala ere, biktimen benetako datu zehatza zail da ezagutzea; armadak eskualdera iristeko bideak blokeatu baititu, eta horrek emandako datuak oso bestelakoak baitira. Izan ere, iturri militarren arabera, borroketan bi soldadu hil eta lau zauritu dira. Biktimen artean ekintzaile talibanik baden, berriz, ez dute zehaztu.
Pakistango armadak erasoaldia hasi du Hego Waziristanen
Azken bi asteetan izandako atentatu oldeagatik hartu du Islamabadek talibanen gotorleku handienari eraso egiteko erabakia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu