Pakistango eraso suizida batean gutxienez hamar lagun hil dira, Karachin

NATOri bere soldaduak hil izana barkatu badio ere, Pakistanek ez du zabaldu Khyberko pasabidea

Erredakzioa
2010eko urriaren 8a
00:00
Entzun
Bi eraso suizida egin zituzten atzo Karachin (Pakistan); minutu gutxi batzuetako tartearekin, mezkita batean bi bonba leherrarazi zituzten. Ondorioz, gutxienez hamar lagun hil eta 40 bat zauritu ziren. Sufien -islamisten artean gutxiengoa dira- aurkakoa zen atentatua. Azkenaldian ohiko bihurtu dira talde islamista minoritarioen aurkako erasoak, eta ez da, halaber, sufien aurka egiten duten lehen erasoa. Haatik, Asif Ali Zardari Pakistango presidenteak Karachira egindako bisitarekin bat gertatu dira atentatuak. Hegoaldeko hiri horretan da egunotan Zardari; haren etxea erasoak egin dituzten tokitik gertu dago. Polizia iturrien arabera, erasotzaileetako batek mezkitaren sarreran leherrarazi zuen bere burua. Bigarren eraso suizida, berriz, mezkitaren barruan gertatu zen.

Yusuf Raza Gilani Pakistango lehen ministroak gogor gaitzetsi ditu erasoak, eta «burua nahasita duten terroristei» egotzi die gertatua. Horrez gain, gertakariak argitzeko ikerketa abiaraziko duela iragarri du Gilanik.

NATOren konboia, geldi

Eraso suizidak Pakistango hegoaldeko hiria hankaz gora jarriagatik ere, Islamabadek Khyberreko pasabidea itxita mantentzea erabaki du. NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko milaka kamioi Afganistango eta Pakistango arteko muga noiz irekiko duten zain daude oraindik; gaur bederatzi egunez.

NATOk bonbardaketa batean soldadu pakistandarrak hil zituelako itxi dute muga. Soldaduak «nahi gabe» hil zituztela argudiatuz, barkamena eskatu dio Pakistani NATOk. Islamabadek, berriz, atzo jakinarazi zuen ontzat jotzen duela nazioarteko erakundeak barkamena eskatu izana. Haatik, ez zuen horregatik Khyberreko pasabidea ireki.

Bestalde, AEBetako piloturik gabeko hegazkinek lau lagun hil zituzten atzo, Mir Ali herrixkan, Ipar Waziristanen. Herrixka horretan bertan AEBen airekoek ustezko hiru ekintzaile hil zituzten herenegun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.