Pakistango Lahore hirian gutxienez 26 lagun hil dira, bi eraso suizidatan

Legebiltzarraren aurreneko saioa astelehenean egingo da; Musharrafen kontrako alderdiak dira nagusi bertan

2008ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Pakistanen alerta gorena ezarri dute. Punjab eskualdeko hiri nagusia da Lahore. Han bi eraso suizida izan ziren atzo, eta gutxienez 26 lagun hil ziren eta beste 200 baino gehiago zauritu. Bi erasoak ia ordu berean jazo ziren, 09:45 inguruan. Ekintzaile suizida bik egin zuten erasoa, horretarako bonba-auto bana baliatuz. FIA Ikerketarako Agentzia Federalaren egoitza aurrean zartarazi zuten aurreneko autoa. Erakunde publiko hori immigrazio kontuez arduratzen da. Agentziaren eraikinean, dena den, bestelako bulegoak daude, eta ekintzaile islamikoen aurka ari den polizia unitate berezi baten bulegoa da haietako bat. Agintariek uste dute unitate hori zela ekintzaileen jomuga.

Leherketa ikaragarria izan zen. Zortzi solairuko eraikinaren zati handi bat lurrera erori zen. Kalean metatutako etxe apurkinen artean, hildakoen gorpu zatiak ageri ziren. Polizia arduradunek goizalde amaieran emandako balantzearen arabera, 22 lagunek galdu zuten bizia leherketan, tartean agentziako bi langile eta ekintzaile islamikoen aurkako unitate bereziko hamabi agente. Zauritutakoak, berriz, ugari izan ziren, bai eraikinaren barruan zeudenen artean eta bai leherketa izan zen unean kaletik zihoazenen artean ere. Karrikan aparkatutako dozenaka auto andeatu zituen leherketak, eta eztanda lekutik bi kilometrora kokatutako etxebizitzen beirak apurtu zituen.

Bigarren leherketa aurrenekoa izan zen lekutik hamar bat kilometrora jazo zen. Lahoreko auzune aberats batean, hain zuzen ere, leherrarazi zuten bigarren bonba-autoa. Lekukoen arabera, autoaren barruan bi lagun zihoazen. Eztanda publizitate agentzia baten aurrean jazo zen, eta, orotara, lau lagun hil ziren, tartean bi haur.

Eraso horren jomuga zein zen ez dago argi. Asif Ali Zardani PPP Pakistango Herriaren Alderdiko buruzagiaren etxea handik gertu dago eta, agintarien esanetan, hura izan zitekeen erasoaren jomuga. Benazir Bhutto iazko abenduaren 27an hil zuten lehen ministro ohiaren alarguna da Zardani.



1.065 HILDAKO HAMALAU HILABETEAN. Lahoren azken atentatua hil honen 4an jazo zen. Bi bonba-auto leherrarazi zituzten orduan itsas armadako akademiaren egoitzan, eta bost militarrek bizia galdu zuten. Pakistanen indarkeria ekintzak handitzen ari dira iazko urtearen hasieratik. Iazko urtarriletik joan den otsailaren amaiera arte, 1.065 lagun hil dira, denbora tarte horretan gertatutako 118 atentatutan.

Horietatik erdiak baino gehiago iazko uztailetik otsailera gertatutako erasoetan hildakoak dira. Pakistango segurtasun indarrek Islamabad hiriburuko Meskita Gorrian zeuden muturreko islamistak haizatu zituzten orduan indarrez. Orduz geroztik odol isuria etengabea da. Osama Bin Laden Al Kaeda erakunde islamikoaren buruzagiak eta haren aldekoek hitzeman zuten sarraski hura garesti ordainduko zuela Pervez Musharraf presidenteak.

Musharrafek gogor gaitzetsi zituen atzoko erasoak: «Ekintza basati hauengatik Gobernuak ez duatzera egingo terrorismoa desagerrarazteko duen asmo tinkoan». Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak ere «irmoki» gaitzetsi ditu erasoak. Hamid Nawaz Pakistango jarduneko Barne ministroak, berriz, herrialde osoan alerta gorena ezarri dutela eta eraso gehiagoren beldur direla jakinarazi du.



LEGEBILTZARRAREN LEHEN SAIOA. Pervez Musharraf presidenteak, bestalde, datorren astelehenerako finkatu du otsailaren 18ko hauteskundeetan berritutako Legebiltzar Federalaren lehenengo saioa. Parlamentuan, oposizioko indarrak dira nagusi. Rashid Qureshi bozeramailearen ahotik jakinarazi zuen eguna Musharrafek.

Musharrafen alderdia zigortu zuten herritarrek iragan otsailaren 18ko hauteskundeetan, eta, horregatik, oposizioko indar politikoak dira nagusi orain Legebiltzarrean. Orotara 242 diputatu daude bertan, eta horietatik 120 eskuratu zituen PPPk. PML-N Pakistango Liga Musulmana-Sharif bigarren indar bilakatu zen eta, orotara, 90 diputatu ditu.

Joan den igandean, PPPko buruzagi Asif Ali Zardanik eta PML-Nko presidente Nawaz Sharifek iragarri zuten euren bi indar politikoek aliantza hitzartu zutela hurrengo gobernua osatzeko.Eta presidenteak iazko azaroaren 4an kargutik kendu zituen Pakistango Auzitegi Goreneko epaileak euren jardunetan berriz jartzea izango da, beharbada, gobernu berri horren lehen erabakia. Karguak berreskuratu orduko, litekeena da Musharrafi garaipena eman zioten bozen zilegitasu- na ikertzea izatea epaile horiek aztertuko duten lehen auzia. Iazkoa urriaren 6an egin ziren boz horiek.



UrTe HasIera BeLTza

Berrehundik gora hildako urtarriletik

Urtarrilaren 7a. Hego Waziristanen Gobernuaren eta tribuen arteko bitartekari lanak egiten dituen talde bateko zortzi kide hil zituzten tiroz.

Urtarrilaren 10a. Ekintzaile suizida batek Auzitegi Gorenaren aurkako erasoa egin, eta 20 lagun hil zituen, tartean bost polizia.

Urtarrilaren 17a. Mezkitan baten aurkako erasoan hamar lagun hil ziren Peshawarren.

Otsailaren 4a. Armadako autobus bati eraso eta zortzi lagun hil zituzten.

Otsailaren 9a. Pakistan ipar-ekialdean, mitin batean izandako leherketak 27 hildako eta 24 zauritu utzi zituen.

Otsailaren 11. Ipar Waziristanen hamar lagun hil zituzten.

Otsailaren 16a. Pakistango Herriaren Alderdiaren egoitzaren aurrean bonba bat zartarazi eta 46 pertsona hil zituzten.

Otsailaren 22a. Swat inguruan, 13 lagun hil zituzten atentatuan.

Otsailaren 25a. Rawalpindin, konboi militar baten aurkako erasoan zortzi pertsona hil eta 35 zauritu zituzten.

Martxoaren 11. Lahoren egindako bi erasotan, gutxienez, 26 lagun hil zituzten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.