Pakistango Harkat-ul-Jihadi talde islamistak hartu du bere gain gaur goizean Delhin hamabi pertsona hil dituen atentatua. Indiako hainbat komunikabidetara bidali duen posta elektronikoak jakinarazi du, Afzal Gururen aurkako heriotz zigorra bertan behera utzi ezean, Indiako epaitegiak erasotzen jarraituko duela. Indiako inteligentzia zerbitzuek sinesgarritasun osoa eman diote posta elektroniko horri.
Afzal Guru 2001ean Indiako Parlamentuaren aurkako atentatua burutzeagatik zigortu zuten heriotz zigorrera. Zigor hori bizi arteko heriotz zigorrarekin ordezkatzea eskatu du Guruk, eta Pratibha Patil Indiako presidenteak bere eskuetan du erabakia. Indiako hedabideen arabera, Barne Ministerioak zigorra bere horretan mantentzeko eskatu dio.
Gaur goizeko bonba Epaitegi Gorenaren atarian lehertu da eta Times of India egunkariaren arabera gutxienez hamabi lagun hil dira. Erasoan 45 lagun ere zauritu dira. R. K. Singh Barne ministroak azaldu duenez, maleta baten barruan zegoen lehergailua.
Epaitegi Gorenetik gertu Indiako Parlamentua eta lehen ministroaren egoitza daude, eta hildako gehiago ere izan daitezke. Itxuraz tamaina erdiko bonba izan da, esan du U. K. Bansal Barne Ministerioko segurtasun arduradunak. Leherketaren ondorioz, alerta maila gorenera igo dute hiruburuan.