Pakistango talibanak atzo hasi ziren Buner barrutitik ateratzen (Pakistan iparraldea). Administrazioarekin bildu ziren talibanak, Sufi Mohammed elizgizona bitartekari zutela. Bileran adostasuna lortu zuten, eta talibanen buruzagiak Bunertik ateratzeko agindu zien bere kideei. Islamabad hiriburutik gertu dago gune hori, eta joan den apirilean hartu zuten talibanek.
Pakistango Gobernuak 200 soldadu inguru bidali zituen Buner berreskuratzeko helburuarekin. Izan ere, Gobernuaren arabera, talibanek beren eragina zabaldu nahi zuten Swat barrutian finkatu ondoren. Bi barruti horietan, agintariek xaria edo lege islamiarra ezartzea erabaki zuten talibanekin bake akordioa lortu eta gero.
Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariak, bestalde, Pakistan talibanen mehatxua zer-nolakoa den onartzen hasia dela adierazi du. Dena den, haren iritziz, Pakistango Gobernuak pentsaera aldatu behar du talibanen indarkeriaren menpe ez erortzeko. «Paradigmaz eta pentsaeraz aldatzea ez da erraza, baina, nire ustez, kontzientzia sortzen ari da. Ez bakarrik Pakistango Gobernuan, baita herrian bertan ere».
Horrez gain, AEBetako presidente Barack Obamaren administrazioa Pakistango Gobernua gogatzen ari da; batik bat, India haren mehatxua ez dela sinetsarazi nahi dio.
Bestalde, Etxe Zuriak jakinarazi duenez, Hamid Karzai Afganistango presidentearekin eta Asif Ali Zardari Pakistangoarekin bilduko da Obama heldu den maiatzaren hasieran, Washingtonen. Herrialde horietan dagoen gatazkari irtenbidea emateko asmoz elkartuko dira. Biak bakarka bilduko dira Obamarekin; bata maiatzaren 6an, eta bestea, berriz, maiatzaren 7an.
Tribuen arteko borroka
Gutxienez sei lagun hil eta hamar zauritu ziren atzo tribuen artean izandako borrokan. Poliziak adierazi zuenez, identifikatu gabeko talde armatu bat tiroka hasi zen Kurram barrutian, Afganistango mugan.
Zaurituak ospitaleetara eramaten ari ziren bitartean, tiroka jarraitzen zutela adierazi zuen Poliziak.
Kurram barrutian xiitek eta sunitek borroka ugari izan dituzte beste hainbatetan ere.
Pakistango talibanak Buner barrutitik atera dira
Administrazioarekin adostasuna lortu ondoren, barrutitik ateratzen hasi dira talibanak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu