Mundua

Pakistango talibanek zortzi bahitu askatu dituzte

Gobernuarekiko negoziazioetan "borondate oneko keinu gisa" libre utzi dituzte.

2008ko uztailaren 25a
15:10
Entzun
Pakistango talibanek zortzi bahitu aske laga dituztela jakinarazi du gaur hango Geo TV telebista kateak. Ekintzaile islamistek Gobernuarekiko abian dituzten negoziazioetan aurrera egiteko "borondate oneko keinu gisa" jo dute haien askapena. Askatutakoen artean funtzionario bat, polizia bat, eta bankuko nahiz PESC argindar konpainiako bina langile daude.

Negoziazioak Pakistango iparraldeko Hangu tribu eskualdean egiten ari dira bi aldeak. Baina aldi berean ekintzaileen kontrako operazioekin segitu du armadak azkenaldian. Hain justu, Hanguko eskualdean bertan hilaren 16an hasitako operazioa bukatutzat jo zuen atzo. Erasoaldi horretan gutxienez 20 ekintzaile islamista hil, eta beste 60 bat atxilotu zituzten. Ekintzaileek, beren aldetik, 17 soldadu hil zituzten hilaren 12an, segada batean. Horri erantzunez abiatu zuen armadak haien kontrako erasoaldia.

Talibanen kontra gehiago egiteko eskatu dio Ricek Islamabadi

Pakistango ipar-mendebaldea pil-pilean dago, eta ohikoak dira talibanen eta soldaduen arteko borrokak. Gainera, Gobernuak dio ekintzaile batzuek Afganistanekiko muga zeharkatu, eta han erasoak egin ondoren berriz Pakistanen aterpetzen direla. Zentzu horretan, gaur AEBetako Estatu idazkari Condoleezza Ricek Australian esan du Islamabadeko gobernuak "gehiago" egin behar duela Pakistandik Afganistanera igarotzen diren matxino talibanen aurka, hauek erasoak egin ez ditzaten. Azken hilabeteetan gora egin du Afganistanen talibanek eginiko eraso kopuruak eta hauen indarrak.

Hanguko talibanak jirga edo tokiko kontseilu batekin ari dira elkarrizketak egiten. Honek bitartekari lanak egiten ditu Gobernuarekin, eta bere lanaren helburua bi aldeen arteko bake akordioa lortzea da.

Joan den otsaileko hauteskundeen ondotik osatutako kabineteak terrorismoaren kontrako politika delakoa aldatu du, eta armak uzteko promesa egiten duten ekintzaile taldeekin elkarrizketaren bidean da. Dagoeneko hainbat bake akordio sinatu ditu tribuetako ordezkariekin, hauek ekintzaile islamistei aurre egitea lortze aldera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.