Palestina NBEn sartzeko eskaerak «bidezko bakea» ekarriko du Abbasen ustez

PANeko presidenteak Palestina «kide ez den estatu behatzaile» gisa onartzeko eskatu du Nazio Batuen Batzar NagusianHamasek adierazi du Abbasek egindako eskaera ez dela «kontsentsuzkoa» izan

Arnaitz Lasarte.
2012ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Palestina «kide ez den estatu behatzaile» moduan onartzeko eskatu du NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian. Abbasek Palestinako eta Israelgo herrientzako «bidezko bakea» lortzeko pauso gisa aurkeztu du eskaera. Onartuz gero, NBEren batzorde gehiagotan parte hartzeko aukera emango lieke palestinarrei. «Gure helburua ez da Israeli zilegitasuna kentzea, Palestinako estatua sortzea baizik», azaldu du Abbasek. NBE New Yorken egiten ari den 67. Batzar Nagusian, txalo artean hartu zuten palestinarren ordezkaria. Oraindik txalo gehiago jo zizkioten esku hartzearen ondoren.

Abbasek «eskubideak kendu dizkieten herritar haserretu guztien» izenean hitz egin zuen atzo. Eta adierazi zuen «badela garaia hamarkadatan zehar ukatutako independentzia eta askatasun eskubideak» betetzeko. Hamasen arabera, ordea, Abbasek egindako eskaera ez da «kontsentsuzkoa» izan. «Ondorio politikorik utziko ez duen pauso antzua da».

Egun, Palestina Askatzeko Erakundeak behatzaile estatusa dauka NBEren batzarrean, baina erakundeko kide diren gainontzeko herrialdeen eskubide berak nahi ditu. Bide horretan, iazko irailaren 23ko NBErenBatzar Nagusian egin zuen Abbasek Palestinaren estatu izaera aitortzea eskatzeko lehen saioa. Orduan, 1967ko mugak errespetatuz, Gaza, Zisjordania eta Jesuralem ekialdea hiriburu gisa bilduko zituen Palestinako Estatua aldarrikatu zuen. Eskaera hark NBEko Segurtasun Kontseiluko hamabost kideen artean desadostasunak sortu zituen, eta, azkenean, ez zuten ebazpenik emanPANeko presidenteak egindako eskaeraren inguruan. Israelen aliatu nagusi diren AEBek, ordea, gelditu egin zuten Palestina estatu gisa onartzeko prozesua.

Oraingoan, hala ere, eskaera xumeagoa egin du Abbasek: Palestina kide ez den estatu behatzaile onartzea. Eskaeraren inguruan bozkatzeko eskumena ez du Segurtasun Kontseiluak, Batzar Nagusiak baizik. Palestinak nahikoa du NBEko kide diren 193 herrialdeen erdiek baino gehiagok eskaera babestea. Saeb Arakat PANeko negoziazioburuaren esanetan, aldeko botoa 150 herrialdek baino gehiagok ematea espero dute.

Abbasek ez du jakinarazi bozketa hori noiz egin den. Palestinako hainbat iturriren arabera, bozketa azaroaren 29an egingo dute NBEn. Hain zuzen ere, Palestinako Herriarekiko Elkartasunaren Nazioarteko eguna da azaroaren 29a. Hala, Barack Obama AEBetako presidenteak eskatutakoa beteko du NBEk. Obamak Palestinari buruzko ekinaldi guztiak AEBetako presidentetzarako hauteskundeen osterako uzteko eskatu zion.

Ashton eta Clintonekin bilera

Batzarraren aurretik, Abbasek bilera bana egin du Catherine Ashton Europako Batasuneko Atzerri Politikarako ordezkariarekin eta Hillary Clinton AEBetako Estatu idazkariarekin. Ashtonek adierazi du Palestinako estatua sortzea babesten duela EBk. Erakunde horrek Palestina «burujabe, demokratiko eta seguru bat» sortzeko duen konpromisoa berretsi du EBko ordezkariak.

Ashtonen ustez, palestinarren eta Israelen arteko gatazka konpontzeko«biderik onena» bi herrialdeen artean «oinarrizko» negoziazio bat egitea da. Bestalde, nabarmendu du gatazka konpontzeko «oso garrantzitsua» dela Palestinako palestinarren erakundeak eta ekonomia garatzea. Hori dela eta, nazioarteari dei egin dio PANi krisi ekonomikoa gainditzeko laguntzak ematera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.