Herenegun Palestinako ordezkaritzak ebazpenaren zirriborro bat aurkeztu zuen NBEn. Ebazpenak bi estatuko irtenbidearen alde egiten du. Ekialdeko Jerusalem izendatzen du Palestinako hiriburu, eta kolonizazioak gelditzeko eta preso palestinarrak askatzeko eskatzen du.
Amerikako Estatu Batuek iragarria zuten behar izanez gero beto eskubidea erabiliko zuela ebazpena onar ez zedin, baina ez du horren beharrik izan; aldeko bederatzi boto behar zituen ebazpenak, eta zortzi izan ditu. Alde bozkatu dute Jordania, Argentina, Txad, Txile, Txina, Frantzia, Luxenburgo eta Errusiak, eta kontra AEbek eta Australiak. Abstentziora jo dute Erresuma Batuak, Lituaniak, Nigeriak, Hego Koreak eta Ruandak.
Israelek Gazaren kontra abuztuan eginiko erasoaldian iragarri zuen Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak NBEra jotzeko asmoa. Hilabeteak eman dituzte negoziatzen, baina ez dira ados jarri.
Riyad Mansur Palestinak NBEn duen ordezkariak erabakia kritikatu du, eta Segurtasun Batzordeari egotzi dio dagozkion ardurak bere gain hartzeko "ezgauza" izatea. Ebazpenari uko egin ondoren eta Palestinaren egoera "jasanezinari" erantzuteko, bertako buruzagiek gaurtik aurrera aurrerantzean egin beharreko urratsak aztertuko dituztela azaldu du Mansurrek.