PANeko presidente Jasser Arafat zenaren ondorengo Mahmud Abbas izendatzeak elkarrizketarako ateak ireki dituela esan du Israelgo lehen ministro Sharonek. Gaineratu du egun Palestinako Estatua sortzea posible ikusten duela, baldin eta “desmilitarizatua” bada.
Gazatik eta Zisjordaniako eremu txiki batzuetatik erretiratzea Israelentzat “proiektu garrantzitsua” dela adierazi du Sharonek, Ekialde Hurbilean bakea lortzeko bidea ireki dezakeelako. Izan ere, nazioarteko komunitateak bultzatutako ‘errepide mapa’ bake planean urrats horiek aurreikusten dira. Bestetik aipatu du ez dela erretiratze gehiago egongo, eta bakea lortzeko hartu beharreko lehenengo neurriak palestinarren “terrorismoa gelditzea, armak konfiskatzea eta erakunde terroristak desegitea” direla. Palestinarrek “terrorismoarekin” betirako bukatzea eta israeldarrek kokaguneekin amaitzea nahitaezkoak direla ere adierazi du Sharonek.
Estatu independente bat osatzeko judutarrek duten eskubidea arabiarrek ez onartzea, bakerako oztopo nagusia dela esan du Sharonek. Horregatik “zuhurrak” izan behar dutela esan du, Ekialde Hurbilean “hitzarmenek” ez dutelako balio, “ekintzek” baizik.
ekialde hurbila
“Palestinako Estatu desmilitarizatua” osatzea posible dela adierazi du Sharonek
Palestinako Estatua sortzea posible dela adierazi du Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek, baina “desmilitarizatua” izan behar duela zehaztu du. Lehen ministroak gaineratu du Palestinako Aginte Nazionaleko (PAN) presidente Mahmud Abbas aukeratu izanak elkarrizketarako ateak erraztuko dituela. Sharon Frantzian da, bisita ofizialean, eta Jacques Chirac presidentearekin bilduko da alde bien arteko harremana sendotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu