Mahmud Abbas Palestinako presidenteak Fatah alderdiko Batzorde Iraultzaileari adierazi zion asteartean gobernua desegin egingo zuela, eta dagoeneko dimisioa eman du Rami Hamdallahen exekutiboak, ministro palestinar batek jakinarazi duenez, anonimotasun baldintzarekin.
Fatah alderdiaren Batzorde Zentraleko iturri batek palestinar hedabideei adierazi die Hamdallahek hiru ministro kargutik kentzeko eskatu ziola Abbasi: Ziyad Abu Amr Kultura ministroa, Xukri Baxara Ogasun ministroa eta Khola un Xakhxir Hezkuntza ministroa. Baina gobernua desegin eta exekutibo berri bat eratzea hobetsi du Abbasek.
2014ko ekainean Hamasek eta Fatahek batasun nazionaleko gobernu bat adostu zuten, baina Palestinako bi alderdi nagusien arteko liskarrek higatu egin dute. "Amaitu da gure nazio borrokari hainbeste kalte egin dion banaketa", adierazi zuen Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak karguaren zina egiteko ekitaldian: "Palestinaren historiako orrialde ilun hori pasatu dugu, eta ez dugu berriz zabalduko".
Orain, ordea, Fatahek Gazan esku hartzen ez uztea egozten dio Hamasi. Hain zuzen, Hamasen kontrolpean legoke Gaza, eta bertan estatu islamiko independente bat sortzen ahalegintzea leporatzen dio Fatahek.
Hamasek deitoratu egin du batasun gobernua osatzen duten bi aldeetatik bakar batek erabakitzea aldaketa.