Palestinako ibilgailu batzuk berriz sartu ahal izango dira Jerusalemen

Zisjordanian bizi eta Israelgo ospitaleetan lan egiten duten sendagileentzat izango da baimena hasieran, baina enpresariei ere emango dietela iragarri dute

Samara Velte.
2015eko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Hamabost urteko debekuaren ostean, Palestinako matrikula duten ibilgailu batzuei Jerusalemen sartzeko baimena eman die Israelgo Gobernuak. Neurriak, oraingoz, Zisjordanian bizi eta Israelgo ospitaleetan lan egiten duten sendagileei eragiten die, baina aurki enpresari palestinar batzuei ere baimena emateko asmoa adierazi du Tel Avivek.

Lurralde okupatuetako banaketa dela medio, Zisjordaniako palestinar gehienek debekatuta daukate Jerusalemera eta Israelen kontrolpeko guneetara sartzea; baimen berezi eta mugatuak behar izaten dituzte, ezin dituzte israeldarrentzako errepide esklusiboak erabili, eta aparteko kontrolguneetatik igaro behar izaten dute. Soilik PAN Palestinako Aginte Nazionalak kontrolatzen dituen guneetan —A area deiturikoetan— mugi daitezke libreki; gune horiek, ordea, barreiatuta daude, eta batetik bestera igarotzeko Israelen kontrolpeko tokietatik igaro behar izaten dute ia beti.

Osloko Akordioetan (1993) lurralde okupatuen gaineko kontrola banatzea adostu zutenean, idatzita utzi zuten egitura berriak ez ziola kalterik egingo palestinarren bizitza ekonomiko eta sozialari. Baldintza hasieratik hautsi dute, eta urtez urte okerrera egin du, gainera: gaur egun, Zisjordaniako lurren %60 inguru Israelgo armadak kontrolatzen du—C area—, besteak beste, Jordan haranaren zati handiena eta legez kanpoko koloniek eta errepide esklusiboek okupatzen dutena; Jerusalem ekialdea ere antzeko egoera administratiboan dago, eta hiriburuaren gainerako guztia alde bakarrez Israelgo lurraldetzat dauka Tel Avivek. PANek ez du inolako eskumenik gune horietan, eta han lan egiten duten 30.000 palestinarrek baimena behar dute bertara heltzeko. Maan berri agentziaren arabera, urtetik urtera baimen gutxiago ematen ditu Israelgo Gobernuak.

Osloko Akordioak betez gero Palestina litzatekeenaren zati handiena da C area, eta hainbat erakundek salatu izan dute palestinarrez hustu nahi duela Israelek; besteak beste, «ia ezinezkoa» delako haientzat bertan etxea eraikitzeko baimena lortzea, eta baimenik gabe eraikitzen dituztenek eraisteko arriskua dutelako. Nazio Batuen Giza Gaietarako Koordinazio Bulegoaren arabera, iaz palestinarren 590 eraikuntza bota zituzten Israelgo administrazioaren aginduz, eta 1.777 pertsonak aldatu behar izan zuten etxez. Kexa horiek Israelgo Justizia Auzitegi Gorenari helarazi dizkio erakunde talde batek, eta hark hamar eguneko epea eman dio gobernuari erantzuteko.

Hauteskunde ostea

Tel Aviven, baina, lanpetuago dabiltza hauteskundeen emaitza kudeatzen. Benjamin Netanyahu presidentea hasia da gobernuko koaliziorako itunak egiten; Israelgo hedabideen arabera, Kulanu alderdiaren babesa lortu du jada, Finantza, Etxebizitza eta Ingurumen ministerioen truke. Barne Ministerioaren menpe dagoen Hirigintza Planifikaziorako Batzordea ere hari emango dio, nahiz eta Shas alderdi ultraortodoxoak ere eskatu dion. Alderdi horiek, nolanahi ere, parlamentuko txikienetakoak dira; zalantzan dagoena da nor aukeratuko duen Netanyahuk kide nagusitzat: Juduen Etxea eta Yisrael Beitenu ultrakontserbadoreak, edokanpainan etsai nagusi izandako Batasun Sionistako laboristak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.