28 urteko palestinar bat hil da gaur, asteartean Ramunen (Zisjordania, Palestina) Israelgo armadak egindako sarekadan izandako zaurien ondorioz. Bularrean tiro bat jaso zuen Rashad Theib Shoujak.
Haren anaia Anuar eta Akramek ere tiroak jaso zituzten, lepoan eta iztarrean, eta larri daude. Maan berri agentziak dio Israelek hirurak berehala erietxe batera eramatea eragotzi zuela eta ordu batzuetan odolusten eduki zituela.
Israelek esan du bere soldaduek eraso bat jaso zutela aurretik —ustez, militar batek labankada jaso zuen—, eta tiroak botaz erantzun zutela, "defentsa gisa". "Ondorioz, hiru lagun susmagarri zauritu egin ziren. Hantxe artatu ostean, gure armadak erietxera eraman zituen".