Ekialde Hurbila

Palestinar bat hil dute soldadu israeldarrek, bi herrialdeetako lehen ministroak biltzear direla

Israelgo Armadak gizonezko palestinar bat hil du gaur goizean Zisjordanian, Tulkarm hiritik hurbil. Soldadu israeldarren arabera, hil duten gizonezko horrek Israelgo Armadaren postu bati tiroka egin dio eraso, baina ez du inor zauritu. Israelgo tropek berehala erantzun diote, eta hil egin dute. Igandean Palestinako talde armatu handienek su-etena aldarrikatu zutenetik gertatu den bigarren atentatua da. Hala ere, Ariel Sharon Israelgo lehen ministroak eta Mahmoud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionalekoak gaur arratsaldean biltzeko asmoekin aurrera segitzen dute.

2003ko uztailaren 1a
17:46
Entzun
Al Fatak, Jihad Islamikoa, Hamasek eta Palestinaren Askapenerako Fronteakigandean menia aldarrikatu zutenetik, bi atentatu egin dituzte palestinarrek. Atzo egin zuten lehendabizikoa, zehazki, Al Aksako Martirien Brigadak taldeak, eta langile bulgariar bat hil zuten eraso hartan. Dena den, atentatu hori egin eta berehala, su-etena aldarrikatu zuen talde horrek ere.

Gaurko tiroketa, berriz, orain arte ez du inongo talde armatuk bere gain hartu. Horregatik, argitu gabe dago oraindik soldadu israeldarrek gaur goizean hil duten palestinarra talderen bateko kide zen, edo berak bere kabuz erabaki zuen erasoa egitea.

Indarkeria agerraldiak erabat eten ez diren arren —Gaza iparraldetik erretiratzean, suntsiketa handiak egin dituzte Israelgo tropek inguru hartako herrietan—, elkarrekin batzarra egiteko asmoarekin aurrera segitzen dute Ariel Sharon Israelgo lehen ministroak eta Mahmoud Abbas PANekoak. AEBek, Europako Batasunak, Errusiak eta Nazio Batuek bultzatzen duten bake plana (errepide mapa esaten diotena) aurrera eramateko hurrengo urratsak zeintzuk diren aztertzeko bilduko dira agintari biak. Gaur arratsaldean dira batzarra egitekoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.