Palestinar bat hil eta hiru zauritu ditu Israelgo armadak Gazan

Tel Avivek argudiatu du ekintzaileek jaurtitako suziriei erantzuteko bonbardatu dutela eskualdea. Gazako sarrera-irteerak itxi egin ditu Israelek.

Suziriekin eraso diote Bersheva hiriko etxe bati. ABIR SULTAN, EFE
arantxa elizegi egilegor
2018ko urriaren 17a
10:15
Entzun

Tiroz hil dute 25 urteko palestinarra, eta baita beste hiru zauritu ere. Hala jakinarazi du Gazako Osasun Ministerioak ohar batean. Israelgo Gobernuak, ordea, ez du tiroketarik aipatu; bai, aldiz, bonbardaketak.

Gazatik jaurtitako suziriei erantzunez eraso diote eskualdeari, gobernuak adierazi duenez. Haren arabera, Bersheva hiriko etxe bat jo dute suziriek, baina ez dute biktimarik eragin. Iturri ofizialek zabaldu dutenez, etxean zegoen familiak erasoen aurkako aterpera jo du babes bila.

Israelgo armadak zabaldu duenez, berriz, "jomuga terroristak" izan dira bonbardatu dituztenak. Erasoaldia 07:00ak inguruan hasi dute, Bersheva hiriko hegazkinen aurkako alarmak jo eta hiru ordu ingurura.

Gazako sarera-irteerak itxi, eta arrantzarako eremua murriztu die Tel Avivek han bizi diren palestinarrei.

Irailaz geroztik hamasei palestinar hil ditu Israelek Gazan, manifestarien aurka eginda. Azken zazpiak, joan den ostiralean bertan, Israelen blokeoa salatzeko protestetan. Gazako Osasun Ministerioaren informazioaren arabera, 60 bat lagun zauritu zituzten soldaduek; horietako dozena bat, adingabeak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.