Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn

«Palestinaren unea iritsi da»

Eskubide osoko estatu gisa aitortzeko eskaria egin du Mahmud Abbasek NBEn, «Ekialde Hurbilean bakea bermatzeko»Benjamin Netanyahuk bakea ziurtatu nahi du Palestinako Estatuaz hitz egin aurretik

Jon Fernandez - Amagoia Mujika
2011ko irailaren 24a
00:00
Entzun
«Sei hamarkada pasa ostean, heldu da nahikoa dela esateko eguna. Hauxe da palestinarren askatasunaren eta independentziaren garaia. Palestinaren unea iritsi da». Txalo zaparradak behin baino gehiagotan moztu zuen atzo Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen hitzaldia Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusian. Duela astebete emandako hitza bete du Abbasek, eta NBEko eskubide osoko estatukide izatako eskaria eman dio Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiari, hark Segurtasun Kontseilura igor dezan. Abbasek aurre egin dio Laukotearen —AEB, EB, Errusia eta NBE— eta Israelen presio diplomatikoari, eta Palestina estatu gisa aitortzea Ekialde Hurbilean bakea lortzeko «inoiz eman den pausorik garrantzitsuena» litzatekeela berretsi die NBEko 193 estatu kideei.

Gaza, Zisjordania eta Jerusalem ekialdea hiriburu gisa biltzen dituen Palestinako Estatua aldarrikatu du Abbasek, 1967ko mugak errespetatuz. «Ez dut uste kontzientzia apur bat duen inork uko egin diezaiokeenik gure eskariari», adierazi du Abbasek Barack Obamak AEBetako presidenetaren beto jarrerari erantzunez. Dena dela, estatua aldarrikatzea eta negoziazioei ekitea bateragarriak direla nabarmendu du Abbasek, eta bakerako eskua luzatu dio Israeli. «Eraiki dezagun batera gure seme-alabentzako etorkizuna, bakea, segurtasuna eta oparotasuna izango duen etorkizuna. Eraiki ditzagun elkarrizketarako zubiak, eta ez harresiak eta kontrolguneak».

Negoziazioen mahaira itzultzeko, baina, sinesgarritasuna izatea beharrezkoa dela gogorarazi dio Abbasek Abbasek Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari. «Ikusitakoa ikusirik, ezinezkoa eta onartezina da berriz ere mahaian jartzea berme batzuk izan gabe». Sei baldintza jarri dizkio PANek elkarrizketetara buelta egin ahal izateko: Jerusalem ekialdea Palestinako hiriburu gisa aitortzea; 1967ko mugak onartzea; Zisjordaniako, Gazako, Libanoko, Siriako eta Jordaniako errefuxiatuen kanpalekuetan bizi diren palestinarrek etxera bueltazteko eskubidea izatea; lurralde palestinarretan dauden 150etik gora kolonia juduak kentzea; uraren kontrola palestinarrekin partekoatzea (egun Israelek kontrolatzen du ur baliabideen %80); eta, azkenik, Israelgo militarrek Jordango harana uztea.

Helburu bakarra: izatea

Bestalde, estatuaren aldeko palestinarren borroka baketsua izango dela berretsi du Abbasek. «Indarkeria eta terrorismo oro gaitzesten dugu, eta bereziki estatu terrorismoa. Erresistentzia baketsuaren indarrez botako dugu israeldarrak eta palestinarrak bereizten dituen harresi arrazista. Palestinarren arma bakarrak ametsak eta itxaropena dira, isaeldarren tanke eta fusilen aurrean».

Bakerako apostua nabarmentzeko, 1974an Jasser Arafat PANeko presidente ohiak NBEko egoitza berean esandakoa ekarri du gogora: «Ez ezazue utzi eskuan dudan olibondo adarra lurrera eror dadin». Bakea lortzeko ahaleginean, palestinarrek amore emate handiak egin dituztela gogorarazi du PANeko presidenteak; izan ere, orain eskatzen duten Palestinako Estatuaren lurrek Palestina Historikoaren %22 baino ez dute hartzen. «Erabaki zailak eta adoretsuak hartu ditugu bakearen mesedetan».

Netanyahuri ere ahalegina egiteko eskatu dio, eta okupazio politika eteteko. «Ez diogu Israeli zilegitasuna ukatu nahi. Soilik Tel Aviveko gobernuaren okupazioari kendu nahi diogu zilegitasuna. Nazioarteko legeak urratzen ditu behin eta berriz, eta bake prozesua paralizatu. Israel da okupazioaren ondorioz hildako palestinarren erantzulea. Uste dut munduko herrialde guztiak gurekin bat datozela errealitate horren aurrean».

Palestinarrek «bizitza normala» izateko garaia iritsi dela baieztatu du Abbasek. «Gure gizon-emakumeek lo lasai egiteko eskubidea dute, munduko beste edozein herritarrek bezala, hurrengo egunean Israelgo indarrek umiliatu, atxilotu edo hilgo ote dituzten beldurrik izan gabe». Normaltasun egoera horretara iristeko ezinbestekoa da bi estatu izatea eta elkar aitortzea, Abbasen ustez. Mahmud Daruish poeta palestinarraren esaldi bat erabili du une honetan palestinarren lehentasuna zein den laburbiltzeko. «Helburu bakarra daukagu: izatea».

«Palestinaren udaberria»

Bestetik, herrialde arabiarren iraultzak ere gogora ekarri ditu Abbasek, haien zilegitasuna defendatu arren palestinarrena babesten ez duten estatuak lotsarazteko. «Mundu arabiarrak demokraziaren aldeko apustua egin duen honetan, udaberri arabiarraren garaia den honetan, ezin daiteke ukatu Palestinaren udaberriari ere iritsi zaiola bere garaia».

Alabaina, ez dago ez udaberririk ez bakerik estatu barik, Abbasen ustez. Ez eta estaturik palestinarren arteko batasunik gabe. «Joan den maiatzean lortu genuen batasun nazionalerako akordioa, eta espero dugu datozen asteetan aurrera pauso gehiago ematea». Azaldu duenez, Gazan eta Zisjordanian urtebete barru egingo dituzte gobernu bateratua aukeratzeko hauteskundeak, «eta gobernu hori prest legoke zuzenbidean, demokrazian eta askatasunean oinarritutako estatu bat gidatzeko».

Etorkizuneko negoziazioetan berdinetik berdinera hitz egin nahi dio Abbasek Israeli, horregatik ematen dio horrenbesteko garrantzia NBEko 194. estatu kide izateari. Dena dela, ia gainditu ezineko langa igaro behar luke horretarako. PANek oraindik ez du lortu NBEko Segurtasun Kontseiluan beharrezkoak diren bederatzi babesak lortu, eta lortuz gero ere, badaki AEBek beto eskubidea erabiliko dutela estatu berriaren sorrera oztopatzeko. Hala ere, baikor agertu da Abbas, eta dagoeneko Palestina estatu gisa aitortu duten herrialdeei esker ona adierazi ostean, independentzia ez dagoela urrun iragarri du. «Ez dugu denbora askoan zain egon behar izango, hala espero dut behintzat».

Segurtasun Kontseiluak, behintzat, azkar erantzun du. Datorren astelehenean egingo dute bilera kontseiluko hamabost kideek palestinarren eskaria ofizialki aztertzeko. Halere, ez dago argi noiz egingo duten bozketa. Bitaretan, Laukoteakberriz ere negoziaziorako deia egin die PANi eta israeli. Hilabeteko epea jarri diete horretarako, eta urtebetekoa bakea lortzeko.

Netanyahuk bakea nahi du

Benjamin Netanyahuk hitza maisuki erabiliz okupazioa zilegi dela berretsi nahi izan du Nazio Batuen Erakundeko ordezkarien aurrean, betiere bakea lortzeko helburuarekin, harentzat okupazioa segurtasuna bermatzeko bidea delako, eta segurtasunik gabe ez dagoelako bakerik: bakea da lehentasuna. «Bakea negoziatu nahi dugu; palestinarrekin bake luze eta iraunkorra. Abbas jauna: hiri berean gaudela, eraikin berean, goazen oraintxe bertan bakea negoziatzen hastera», zirikatu du PAN presidentea —Abbasek aurretik esan du New Yorken ez duela Netanyahurekin bilerarik egingo—.

Horixe da mahai gainean jarri behar dena Israelgo lehen ministroaren ustez, «aurretik baldintzarik jarri gabe». Bakea lehenik, eta gero gerokoak. «Bakea dagoenean gu izango gara lehenak Palestina estatu independente gisara onartzen, baina palestinarrek bakerik gabeko estatua nahi dute».

Urteak, hamarkadak daramatza Israelek hori negoziatzen, esan duenez, baina «zoritxarrez» palestinarrek zapuztu dute haren gogoa. «Teoria bat dago esaten duena bakea iritsiko dela kokaguneetatik joaten bagara. Gazatik eta Libano hegoaldetik joan ginen. Zer gertatu zen? Muturrekoek moderatuak irentsi zituzten». Eta Abbasen PANek ez du jakin izan Gazan bakea lortzen: «Iranek PAN irentsi du Hamas satelitearen bidez. Gazako gure lezio garratzak gogoan ditugu. Utziko zenukete horrelako arriskuak izaten zuen etxeetatik gertu? Familiengandik gertu?». Benetako segurtasun neurriak ezinbestekoak dira, «palestinarrek negoziazioetan errefusatzen dituzten horiek»,

Al Kaedak egindako hainbat atentatu zerrendatu ditu, Dorre Bikietakoa, Madrilgoa, eta beste hainbat entzutetsu, Mendebaldeak jasan behar izan dituen arriskuez hitz egiteko, eta Israel da «Mendebalde demokratikoaren eta muturreko islamismoaren arteko muga eusteko lerroa, Ekialde Hurbileko demokrazia bakarra», eta Iran da Israelen eta, oro har, Mendebaldearen etsairik handiena. Horregatik, hark eta bera bezalakoek munduan zabal dezaketen «terrorean» ezarri ditu Israelek indarrak, nahiz eta Nazio Batuen Erakundea maiz ez den horretaz jabetu: Israelek erakundetik jaso dituen «irainen» zerrenda ateratzeko baliatu du ere hitzaldia, askotan ez direla egiazale esateko: «Behin rabino batek esan zidan NBE gezur askoren etxea zela, baina batzuetan, horrelako lekuetan, argi bat nahikoa dela egiarekin argiztatzeko».Eta bera egia esatera joan da NBEra, «ez txaloak jasotzera».

Egia da harentzat, «Israel estatu judutarra» dela, «1967ko lurraldeen okupazioa defendatzen» duela, «bizilagun oldarkorraren aurrean marrua» delako, eta Abbasi eskatu dio «estatu judutarra onar dezala». Lur berean bizi behar duten bi herri dira israeldarra eta palestinarra, «bi estatu bi jenderentzat», non Hamas bezalako muturrekoek ez duten lekurik, zeinak Gilad Shalit bahituta izateak ez dion auziari laguntzen—2006an bahitu zuen Hamasek, eta 1.000 presoren truke askatzeko eskatzen du—. Hori dena ikusi beharko luke NBEk, Netanyahuren arabera, baina «NBEren gehiengoak erabaki dezake eguzkia mendebaldetik ateratzen dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.