Siriako armada kostaldeko Latakia hiria bonbardatzen ari da iragan larunbataz geroztik, eta palestinar iheslarien Al Ramel kanpalekuari ere eraso egin dio. «Kanpalekuko ia 10.000 palestinarrek ihes egin dute, ez dakigu non dauden. Oso kezkagarria da egoera», azaldu du Christopher Gunnesek, UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko bozeramaileak. Lurrez eta itsasoz egin dute erasoa, giza eskubideen aldeko elkarteen arabera, eta kanpalekua huts-hutsik geratu da. «Iheslari palestinarrak ahaztutako biztanleak ziren lehen, eta galdutako biztanle bihurtu dira», esan du Gunnessek.
Sirian 475.000 iheslari palestinar bizi dira. Hala ere, iragan martxoan Bashar al Assaden erregimenaren kontrako protestak hasi zirenetik atzokoa izan da iheslari palestinarren kanpaleku baten kontra egindako lehen eraso zuzena. Kanpalekuan lau lagun hil eta beste hamazazpi zauritu dira, UNRWAren arabera. «Batzuek tiroengatik egin dute ihes; besteek, aldiz, Siriako segurtasun indarrek operazio militar handia hasi baino lehen alde egiteko eskatu dietelako», azaldu du Gunnesek. NBEk Al Ramel kanpalekura sartzeko eskaria egin dio erregimenari, biktima kopuru zehatza jakin ahal izateko, baina Al Assaden gobernuak ezezkoa eman dio.
34 hildako lau egunean
Rami Abdul Rahman Giza Eskubideen Siriako Behatokiko bozeramaileak gertatutakoaren bertsio ezberdina azaldu du: «Al Ramel auzoan 250.000 lagun inguru bizi dira, eta horietatik 4.000 baino ez dira palestinarrak. Gainontzekoak siriarrak dira, eta siriarrak ari dira atxilotzen, ez palestinarrak». Hiriko kale nagusiak ibilgailu militarrez beteta daudela adierazi du Rahmanek, eta hainbat familia ezkutatu diren auzoetan eraso zabala egingo duten beldur da.
Horrez gain, Sana Siriako informazio agentzia ofizialak oso bestelako bertsioa eman du. «Talde terrorista batzuek» izututa zeuzkaten kanpalekuko biztanleak, eta talde horiek ezabatzera sartu dira militarrak Al Ramel iheslarien kanpalekura, Sanaren arabera.
Armadak lau egun daramatza Latakia bonbardatzen, eta gutxienez 34 pertsona hil dituzte. 600.000 biztanle inguru ditu herrialdearen ipar-mendebaldean dagoen kostaldeko hiri horrek, eta hainbat borroka izan dira bertan martxoan erregimenaren kontrako protestak hasi zirenetik. Sirian gutxiengoa izan arren, alaui komunitate zabala bizi da Latakian, eta bertan jaioak dira Bashar al Assad eta haren aita Hafez al Assad ere. Alauiak biak.
Langabeziaren garrantzia
Armadak beste bi lagun hil zituen astelehen gauean Siria erdialdeko Homs hirian. Ramadaneko taraui otoitza egin ostean, manifestazioa egin zuten Bab al Seba auzoan, eta militarrek tiroz hil zituzten bi manifestari.
Azken bost hilabeteetan Siriako erregimenak 2.200 lagun inguru hil ditu, giza eskubideen aldeko elkarteen arabera. Gainera, abuztuaren 1ean Ramadana hasi zenetik errepresioa areagotu du Al Assadek, kalera otoitz egitera ateratzen den jendearen kontra oldartuz. Protestek eta errepresioak gutxien zipriztindu dituzten bi guneak Damasko hiriburua eta Alepo hiria izan dira. Baina hiri handien egoera alda daitekeela ohartarazi du Sami Mubaied Damaskoko analista politikoak, protestek ekonomia ahuldu dezaketelako. «Langabezia nagusitzen denean, gazteak kalera aterako dira Damaskon eta Alepon. Ez diete nagusien esanei men egingo». Iritzi berekoa da Fauaz A. Greges ere, Ekonomia eta Politika Zientzien Londresko Eskolako Ekialde Hurbileko politika irakaslea: «Egoera ekonomikoak txarrera egiten badu, orain isilik dauden herritarrek bat egingo dute protestekin».
Palestinarrak, ihesean
Siriako armada Latakia hiria bonbardatzen ari da larunbataz geroztik, eta Al Ramel palestinar iheslarien kanpalekua hustu duBashar al Assadek ukatu egin dio NBEri eraso egindako kanpalekura sartzea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu