Ekialde Hurbila. Palestinarren geroa, NBEn

Palestinarren auziaz «egia esatera» joango da Netanyahu New Yorkera

PANek berretsi du estatus gorena eskatuko duela; NBEko palestinarren ordezkariak, berriz, aukera guztiak zabalik daudela dioErrepublikanoak Ekialde Hurbileko auzia baliatzen ari dira Barack Obama ahultzeko

Jon Fernandez.
2011ko irailaren 16a
00:00
Entzun
«Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusian Israelek normalean ez du babes handirik lortzen», aitortu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. Hala ere, irailaren 21ean New Yorkera bidaia egin eta erakundeko 193 herrialdeetako ordezkarien aurrean hitz egingo duela iragarri du. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Palestina eskubide osoko estatu kide izateko eskaera egin baino bi egun lehenago azalduko ditu Netanyahuk palestinarren ekimenaren kontrako argudioak Batzar Nagusian. «Egia esatera noa, entzun nahi duenarentzat».

Hasiera batean, Israelen izenean NBEn hitz egiteko hautagai nagusia Simon Peres presidentea zen, nazioartean lehen ministroak baino ospe hobea duelako. Azken unean, ordea, ordezkari gisa Netanyahu bidaltzea erabaki du Tel Aviveko gobernuak. Palestinarren irmotasunak urduri jarri du Israel, eta lehen ministroak NBEn emango duen hitzaldia PAN gehiago estutzeko beste pauso bat da.

Alferrekoa, ordea. Datorren ostiralean Abbasek Palestina eskubide osoko kide izatea eskatuko du NBEko Batzar Nagusian eta Segurtasun Kontseiluan. Erabakiak ez du atzera bueltarik, Rijad al Maliki PANeko Atzerri ministroaren arabera; halere, bestelako proposamenentzat ere ateak zabalik dituztela esan du. «Ikusiko dugu ea inork proposamen sinesgarririk egiten digun. Osterantzean, Abbasek eskaria egingo du NBEn».

Dena dela, irmotasun adierazpenak egin arren, jorratu beharreko bidea oraindik ez dutela guztiz argi aitortu du Rijad Mansur palestinarren NBEko ordezkariak. «Datozen egunetan hartuko dugu egin beharreko bidearen gaineko azken erabakia; eskubide osoko estatu kide izateko eskaria egin Segurtasun Kontseiluan, ala Batzar Nagusira jo gure egoera hobetzeko». Aukera guztiak zabalik daudela esan du Mansurrek.

Obama, bi suren artean

Azken egunotan proposamen ugari jaso dituzte palestinarrek Europako Batasunaren eta AEB Amerikako Estatu Batuen eskutik, baina bakar batek ere ez die orain arteko jarrera aldatu. David Hale Ekialde Hurbilerako bake prozesurako AEBetako mandatariak eta Dennis Ross Etxe Zuriko aholkulariak bilera egin zuten atzo Abbasekin Ramalan (Zisjordania). NBEra ez joateko eskatu zioten, negoziazio mahaira itzultzeko. PANek, ordea, argi utzi du ez dela negoziazio mahaira itzuliko aurretiaz Israelek gutxiengo batzuk bermatzen ez baditu: okupatutako lurraldeetan gehiago ez eraikitzea eta 1967ko mugak onartzea. Hori gertatu ezean, «AEBek ez dute ezer eskaintzeko», palestinarren aburuz.

Haatik, makineria diplomatikoa muturreraino behartu nahi du Barack Obama AEBetako presidenteak. Iragan astelehenean iragarri zuen palestinarren ekimena Segurtasun Kontseilura iritsiz gero beto eskubidea erabiliko zuela hura oztopatzeko; betoa erabiltzeak, baina, kolokan jarriko lituzke AEBen eta iraultzen ondorengo herrialde arabiarren arteko harremanak. Turki al Faisal Saudi Arabiako printzeak joan den asteartean ohartarazi zuen: «AEBek palestinarren ekimenaren kontra bozkatzen badute, arabiar munduan duten sinesgarritasun urria galduko dute».

Abbasen eskaria Segurtasun Kontseilura iristea eragotzi nahi du inondik inora Obamak. Bi estatuen aterabidearen alde dago, baina, haren ustez, bi aldeen arteko negoziazioaren ondorioz sortu behar litzateke Palestinako estatua. Dena den, Ekialde Hurbileko gatazkak etxean eragin diezaiokeen kalteak arduratzen du batez ere Obama. Etxe Zuria Israelen aliatu argia izan da aurreko agintaldietan; estatubatuarren irudikoz, berriz, Obamak Ekialde Hurbileko bake negoziazioen atzera-aurrera gabeko egoeraren errua neurri berean egozten die israeldarrei eta palestinarrei.

Pertzepzioak pisu handia du politikan, eta bereziki hauteskundeen bezperan. Robert Turner da horren adibidea. Asteazkenean ezohiko bozak egin zituzten New Yorkeko 9. hauteskunde barrutian —Brooklyn eta Queens—, sexu eskandalu baten harira dimisioa eman zuen Anthony Weiner legebiltzarkide demokrataren ordezkoa aukeratzeko. Turner errepublikanoak jaso zuen boto gehien, 1923tik demokraten esku zegoen hauteskunde barrutia bereganatuz. Barruti horretan, hain justu, pisu handia du juduen botoak.

Errepublikanoak jabetu dira Obamaren Israelekiko jarrera erabil dezaketela 2012ko presidentetzarako bozetan hura garaitzeko. Dagoeneko demokraten kontrako kanpaina hedatzen hasi dira AEBetako komunitate juduan. Historikoki, ezinbestekoa izan da juduen babesa izatea Etxe Zurira iristeko; beraz, Israelen eta palestinarren artekoak eragin zuzena izan dezake datorren urteko AEBetako bozetan.

Ban Ki-moonen eskaria

Ban Ki-moon NBEko idazkari nagusiak aitortu du «guztiz arduratuta» dagoela israeldarren eta palestinarren arteko akordiorik eza dela-eta. «Ezinbestekoa da berriz ere negoziazioei ekitea. Denbora ez dago gure alde».

Banen ustez, «aspaldi amaitua behar zuen palestinarren eta israeldarren arteko gatazkak, konponbide gisa bi estatu ezarriz». Dena dela, NBEko kide izateko eskariari dagokionez, palestinarren frustrazioa ulertzen duela onartu du Banek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.