Al-Fatahek eta Hamasek iragarritako batasun nazionalaren zain daude palestinarrak, baina bitartean ez dago protestarik: sumindura etxearen pribatutasunean gordetzen dute, politikarien egitasmoek eragin zuten ilusioa itzaliz doan heinean, eta PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek atzo esandakoak ez du etsipen hori areagotu besterik egin: Palestinarren batasun nazionala «izoztuta» dago, baina batasunaren itxaropena piztu zuten iazko protesten eta kanpaldien hondarrik ez dago.
Abbasek, atzo egin bezala, behin eta berriz, Hamaseko ordezkariei leporatzen die ez aurrera ez atzera egitea, erakundean dauden liskarrei, baina inor gutxik daki benetan zer gertatzen ari den. Iazko martxoan, Gazako eta Zisjordaniako milaka lagunek kalera eraman zuten Hamas eta Al-Fatahen arteko liskarra konpontzeko eta banatuta zegoen Palestinako gizartea adiskidetzeko aldarrikapena. Protestak biziki indartsuak izan ziren. Ondorioz, Hamas eta Al-Fatah eseri, eta adiskidetasun akordioa sinatu zuten maiatzean. Zerumugan, bi helburu: teknokraten batasun nazionaleko trantsiziozko gobernu bat sortzea eta urtebeteren buruan hauteskundeak egitea.
Oztopoak
Hasieran, presidentearen hautaketak ekarri zuen buruhaustea. Hamasentzat, onartezina zen Salam Fayyad PANeko lehen ministroa Al-Fatahen hautagaia izatea. Bi aldeak ados jarri, eta Mahmud Abbas izendatu zuten gobernu mamuko presidente. Orain, alde bateko zein besteko preso politikoen auzia da desakordioen oinarri. «Ezinezkoa da bestearen presoak kriminaltzat jotzen duten bi alderdi batzea», uste du Basil Rixmawi ekintzaileak. Iazko martxoan Betlemgo plazan kanpatuta egon zen.
Teknokratez osaturiko trantsiziozko gobernua sortu gabe, alderdiek sinaturiko Qatarko Akordioak «ezinezkotzat» jotzen du Palestinako Kontseilu Nazionalerako eta Parlamenturako bozak antolatzea. Bi aldeek bozak «bahitu» dituztela deritzote herritar askok. «Dena dago blokeatuta», pentsatzen du Rixmawik.
Maath Musleh Palestinako blogariaren iritziz, aukera bat galdu dute herritarrek: «Hamas eta Al-Fatah prest zeuden aldaketei ekiteko, masa mugimendu horri aurre egitea berria baitzen bi alderdientzat. Baina, azkenean, beren esparrura eraman dute aldarrikapena».
Al-Fatah eta Hamas urrutirago joateko beldur dira. Abbas, Zisjordaniaren izenean, prest dago duela bi hamarkada hasitako bake prozesuaren amaiera iragartzeko. Israelen okupazio militarrak gero eta zailago jarri du bi estatuen irtenbidea, eta egoera horren onarpen saihestezinak haren ibilbide politikoaren amaiera ekar dezake.
Hamasek, berriz, barne krisia du aurrez aurre. Siriako Gobernuarekin apurtu ostean, atzerritik Al-Fatahekin elkarrizketak gidatu dituen Khaled Maxalen eta Gaza gobernatzen duen Ismail Haniyehen arteko tentsioek Hamasen diskurtsoa ia egunero desberdina izatea eragin dute.
Eta gazteak zer?
Bi alderdi nagusien gelditasuna ikusita, iazko protestak gidatu zituzten gazteei begiratzen diete hedabideek egunotan. Urtebete geroago, non daude? «Ez gaude geldirik. Kalera irteten jarraitzen dugu boikot kanpaina babesteko, Hana Al-Xalabiri eta beste presoei elkartasuna erakusteko eta argindarraren zergen igoeraren kontra protesta egiteko», nabarmendu du Rixmawik.
Gazteek, ordea, autokritikarako gaitasuna erakutsi dute. Rixmawiren iritziz, «Tunisiako eta Egiptoko ereduari itsuki jarraitu genion, Palestinaren aparteko egoera kontuan izan gabe». Baina orain Israelen okupazioa salatzera murriztu dira protestak. Gaur bertan Lurraren Eguna ospatuko dute palestinarren lurren desjabetzea gogoan, eta Jerusalemera martxa egingo dute nazioarteko erakundeen ordezkariekin batera. Israelgo armada prest dago gerta daitezkeen ezustekoei aurre egiteko.
Horregatik, lidergo berri bat sortzearen ideia ozena da egunotan. Bake negoziazioen porrotak, adiskidetasun akordioaren gelditasunak eta PANen desegite posibleak frustrazio politikoa ekar dezakete palestinarren artera, baina baita talde eta presio gune berrien sorrera ere.
Paralisi politikoa zerbaitek eztanda egin aurreko barealdia al da? Muslehek argi dauka baietz: «Momentu esanguratsu batera iristen ari gara, baina inork ez daki nolakoa izango den».
Palestinarren batasun nazionala, «izoztuta»
Mahmud Abbas PANeko presidenteak aitortu duenez, Hamasekin akordioa etenda dago, Gazako liderren desadostasunengatikLurraren Eguna ospatuko dute gaur palestinarrek, Israelen begiradapean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu