Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak Gazara joateko asmoa duela jakinarazi du, han batasun nazionala lortzeko. Hamas alderdiak ontzat jo du Abbasen keinua, eta «laster» joan ahal izango dela erantzun dio.
«Palestinarren arteko zatiketa amaitzeko egingo dut bidaia. Independentez osatutako gobernua eratuko dugu, eta hauteskunde orokorrak egingo ditugu sei hilabeteren buruan», azaldu du Abbasek. Hamas alderdiaren ustez, «ona» da presidentearen erabakia, eta bidaia ahalik eta azkarrena izateko lan egingo dutela esan dute. 2007az geroztik, Hamasen esku dago Gazako Gobernua, eta Al Fataren esku, Zisjordaniakoa.
Milaka herritarrek Gazako eta Zisjordaniako kaleetan batasun nazionala eskatu eta 24 ordura etorri dira Al Fataren eta Hamasen adierazpenok. Alderdiekin loturarik ez duten herritarrek egin zuten asteazkeneko manifestazioetarako deialdia Internet bidez, eta batez ere gazteak atera ziren kalera. Herritarren ustez, bi alderdien arteko zatiketak euren interesei egiten die kalte, eta Israelen okupazioari aurre egitea eragozten die.
Azken urteotan Egiptok egin izan du ahalegina bi aldeak gerturatzeko, baina ez du ezer lortu. Al Fata Israelekin berbetan aritu da etorkizunean Palestinako Estatua eraikitzeko. Hamasek, berriz, ez du Israelgo estatua aitortzen.
Bi lagun hil ditu Israelek
Israelgo Armadak Gaza bonbardatzen jarraitzen du. Bi lagun hil dira Israelgo Aire Indarrek atzo Gazako hego-ekialdean eginiko erasoaren ondorioz.
Israelgo F-16 ehiza bonbardariek jaurtitako bi misilek harrapatu dituzte, Azham Abu Salmija Osasun Ministerioko larrialdi zerbitzuen buruaren arabera. Bestalde, «Gazako terrorista zentro bati» egin diotela eraso esan du Israelgo Armadak. Palestinarren eraso bati eginiko erantzuna izan da, Israelen arabera: «8.000 biztanle dituen Negeveko Eskualde Kontseilura misil bat jaurti zuten asteartean».
Palestinarren batasuna lortzeko prest daude Al Fata eta Hamas
Mahmud Abbas PANeko presidenteak Gazara joateko asmoa du, batasun nazionala lortzeko pauso gisa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu