EI Estatu Islamikoak kalifa-herria zabaltzen ari da oraindik ere, beste indar erakustaldi bat eginda. Irakeko Ramadi hiria hartu eta hiru egunera, Sirian Palmira konkistatu du, eta gobernuari leial zaizkion indarrak kanporatu eta sarraskitu ditu. Batetik, garaipen sinbolikoa da; kalkulaezineko balioa dute hango hondakin arkeologikoek, eta jihadistek horiek suntsitzeko beldurrak berehala erakarri du munduko hedabideen arreta. Baina, bestetik, garrantzi estrategiko handiko garaipena ere bada; are gehiago gerturatu dira jihadistak Homsera eta Damaskora, Siriako armadaren gotorlekuetara, eta Deir ez-Zor hirirako hornikuntza bideak eten dizkiete. Halaber, inguruko gas hobiak bereganatu dituzte.
Gobernuarentzat, kolpe handia da hiriaren galera, armadaren borrokarako gaitasuna eta haren aliatu milizien kohesioa ezbaian geratu baitira. Baxar al-Assad presidentearen uztarria gero eta estuago dago, azkenaldian armadak huts egin dielako eta ez dielako eutsi arerioen erasoei. Martxoan, ipar-mendebaldeko Idlib probintziako hiriburua galdu zuen.
Herenegun gauean hartu zuten jihadistek Palmira, astebeteko setioaren ondotik gobernuaren aldeko indarrek amore ematean. «Ez dute [hondakinetara] sartzeko galarazpenik», adierazi du Rami Abdurrahmanek, Siriako Giza Eskubideen Behatokiko zuzendariak —Londresen du egoitza erakunde horrek—. Armadaren hegazkinen base bat, presondegi bat eta zerbitzu sekretuen egoitza bat ere hartu dituzte islamistek.
Gutxienez, 662 lagun hil dira setioak iraun duen denboran. Herenegun gaueko borroketan gobernuaren aldeko 100 bat borrokalari hil dituzte jihadistek. The Guardian egunkariaren arabera, Xaitat tribu sunitako kideak ere sarraskitu dituzte. Orpoz orpo borrokatu dira gobernuaren aldeko indarrekin Palmira defendatzeko. Iaz, EIren kontrako erasoaldia hasi zuen tribu horrek Deir ez-Zor probintzian, eta abuztuan 700 bat kide sarraskitu zituen EIk. Siriako telebista publikoak jakinarazi duenez, armada Tadmur hiritik erretiratu da —Palmira gune historikoaren ondoan eraikitako hiria—, baina aurretik biztanle gehienak aterarazi ditu. Armadak jihadisten posizioen aurkako bonbardaketak hasi ditu hirian.
Hiri historikoa hartzearekin batera, eragin eremua zabaldu du EIk. Siriako Giza Eskubideen Behatokiaren arabera, herrialdeko 95.000 kilometro koadro daude muturreko islamisten esku. Alegia, herrialdearen azaleraren erdia baino gehiago —erdiko desertuaren zati handiena barne—. Guztira, bederatzi probintzietan present dago talde islamista, eta herrialdearen ipar mendebaldetik —Alepo probintziatik— ipar-ekialdera —Al-Hasaka probintziara— hedatzen da. Deir ez-Zor eta Raqqa probintziak kasik osorik kontrolatzen ditu.
Baina hiriburuan bertan du mehatxua gobernuak. Hain zuzen, Damasko ekialdeko hainbat gunetan nagusi da EI, eta Yarmuk errefuxiatu palestinarren kanpalekuko zati batzuk ere baditu mendean. Hori gutxi ez, eta Daraa hegoaldeko probintzian, Jordaniarekiko mugan, hainbat taldek fideltasuna adierazi diote.
Iraken egin gisan, EIk indar berezia jarri du herrialdeko baliabide naturalak bereganatzen. Eta arrakasta izan du: Siriako gas hobi gehienak muturreko talde islamistaren eskuetan daude, Palmira inguruko Arak eta Al-Hail hobiak bereganatu ondoren. Horrez gain, herrialdearen elektrizitate hornikuntzaren zati handi bat dute kontrolpean. Soilik Al-Xaergo gas hobia dago gobernuaren eskuetan, Homs ekialdean. YPG Herriaren Babeserako Unitate kurduek, berriz, Ramilango gas hobia dute menpean, Al-Hasaka probintzian.
Unescoren ondarea
Gune arkeologikoari ere etekina atera diezaioke EIk, Irakeko beste altxorrekin egin bezala. Ondarea saltzeaz gain, tresna propagandistiko gisa erabil dezake haren suntsiketa. Arkeologoek Ekialde Hurbileko harribitxitzat dute Palmira antzinako hiria. Desertuaren oasis batean altxatu zuten, eta I. eta II. mendeetan munduko zentro kultural handienetakoa izan zen. Unescok gizateriaren ondare izendatua du. Ehunka estatua atera dituzte hiritik, baina monumentu handiak ezin izan dituzte garraiatu. Maamun Abdul Karim Siriako antzinateen zuzendariak AEBei eskatu die gune historikoaren suntsiketa galarazteko. «Mundu osoaren gerra da hau».