Israelen erasoaldia Gazan

PANek Israelen «gerra krimenak» ikertzeko eskatu dio NZAri

Riyad al-Maliki Palestinako Atzerri ministroaren ustetan, Tel Aviv «berariaz» ari da «zibilei» eraso egiten. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak dio ez dituela baztertu «beste aukerak»: besteak beste, Gaza inbaditzea.

PANeko Atzerri ministro Riyad Al-Maliki, artxiboko irudi batean. ALEXANDER ZEMLIANICHENKO / EFE
ander perez zala
2021eko maiatzaren 19a
13:52
Entzun

Israelek erasoaldia hasi eta hamar egunera, PAN Palestinako Aginte Nazionalak nazioarteari begira jarraitzen du, Tel Aviven jarrera leunduko lukeen erreakzio eta eskari biribilen bila. Hala, zenbait herrialdek orain arte eman dizkioten erantzunak kontuan harturik, PANek erabaki du auzitara jotzea, NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiari eskatu baitio iker ditzala Gazari eraso egiten dion armadaren «gerra krimenak». Riyad al-Maliki Palestinako Atzerri ministroaren arabera, beharrezkoa da «kontuak ematea Gazan, Jerusalem ekialdean eta Xeikh Jarrah auzoan egiten ari diren gerra krimenengatik eta gizateriaren aurkako delituengatik».

PANeko Atzerri ministroa itxaropentsu da eskari horri begira, NZAk iragan martxoan ebatzi baitzuen Palestinako lurretan Israelek egindako krimenak ikertzeko jurisdikzioa duela. Zehazki, Fatou Bensouda fiskalburuak jakinarazi zuen 2014ko ekainaren 13tik aurrerako gertakariak eta «auzitegiaren eskumenekoak» direnak ikertuko zituztela, eta azaldu zuen Tel Avivek okupatutako lurraldean gatazkan parte hartu duten bi aldeek zibilei egindako erasoak izango dituztela aztergai.

Hala, Bensoudak hitzeman zuen modu «independentean, inpartzialean eta objektiboan» jardungo zutela: «Azken batean, gure kezka nagusia krimenen biktima izan direnengan jarriko du, izan palestinarrak edo israeldarrak». PANek espero du egunotako erasoaldian gertaturikoak ere kontuan hartuko dituela, «gerra krimen berriei» buruzko dokumentazioa ere eman baitio auzitegiari.

Al-Malikik ohartarazi du Israelek jomugan duela «munduko hiririk trinkoenetako bat», hamalau urteko «blokeo gizagabe batek eta 54 urteko legez kanpoko okupazioak» eragindako krisi humanitarioa jasaten ari dena: «Berariaz ari da [Gazako] helburu zibilei eraso egiten».

Izan ere, Gazako Informazio Ministerioaren azken datuen arabera, Israelen aireko 1.615 erasoek —batez beste 161 egunero—  ia 200 milioi euroren kalteak eragin dituzte, eta horrek are gehiago okertu du hango egoera; denera, bonbardaketek erabat suntsitu dituzte 1.174 etxebizitza, 156 dorre edota eraikin, PANen 73 bulego eta hedabideen 33 langela. Horrez gain, 57 eskola edota osasun zentro kaltetuta geratu dira, eta beste 7.073 etxebizitza ere bai.

Testuinguru horretan, NBE Nazio Batuen Erakundeko Larrialdiko Laguntzarako koordinatzaile Mark Lowcockek nazioarteko diru-emaileei laguntza eskatu die Gazako herritarrei begirako funts bat osatzeko. Oraingoz, Lowcockek jakinarazi du lurralde palestinarretara bideraturikoaren 11,47 milioi euro erabiltzea espero duela, baina espero du kopuru hori handitzea estatu batzuek emango lioketen diruari esker; kalte materialez gain, 58.000 lagun baino gehiago desplazatu dira egunotan, gehienak UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren eskoletara.

Unicef Nazio Batuen Haurren Laguntzarako Funtsaren zuzendari Henrietta Forek ere kopurutan azaldu du Gazan zer gertatzen ari den: «Gutxienez 60 haur hil dira, eta beste 444 zauritu dira hamar egunean baino gutxiagoan. Ia 30.000 umek lekualdatzera behartua ikusi dute beren burua, eta uste da 250.000k babes eta osasun mentaleko zerbitzuak behar dituztela».

Su-etenari bueltaka

Israelgo hedabideetan ugaritu egin dira gobernua Egiptoren bitartekaritzarekin su-eten bat finkatzea aztertzen ari den albistea, baina, oraingoz, soilik iturri militar batek adierazi du ideia hori kontuan hartzen ari direla, AFP agentziari azaldu dionez. Beste aldean, Gazatik suziriak jaurtitzen dituen taldeak, Hamasek, ere ez du «ez baieztatu ez gezurtatu» nahi izan meniari buruzko informazio hori, erakundearen bozeramaile Fawzi Barhumek atzo adierazi zuenez.

Halere, bart nabarmen gutxitu ziren Gazatik eta Israeldik egindako erasoak, aurreko egunetakoekin konparatuz gero. Tel Avivek Hamasen ustezko tunel sare baten aurka egin zuen 25 minutuan, 122 bonba botata, eta gutxienez lau lagun hil zituen, besteak beste, kazetari bat. Denera, azken datuen arabera, Israelgo armadak 219 lagun hil ditu.

Erasoaldiaz, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak azaldu du indar armatuak epemugarik gabe ari direla, eta mahai gainean dauden «beste aukerak» ez dituela baztertu: besteak beste, Gaza inbaditzea. Atzerriko 70 diplomazialariren aurrean egin ditu adierazpenok, menia adosteko nazioartearen presioa handitzen ari den honetan. Agerraldi horren ostean, Libanotik lau suziri bidali dituzte Israelera, eta ez zen ez hildakorik ez zauriturik izan.

Arlo diplomatikoan, NBEren Segurtasun Kontseilua ez da gai izan egunotako gatazkari buruzko ebazpenik edo mezurik adosteko, AEBek betoa ezarri baitiote saiakera orori. Halere, Joe Biden herrialde horretako presidentea Netanyahurekin mintzatu da gaur, eta adierazi dio «erasoak berehala murriztea espero» duela gaurko, su-eten batera bidean.

EB Europako Batasunean ere NBEren antzera gertatu da, atzo Hungariak ezezkoa eman baitzion 27 estatu kideen deklarazioari, erasoak etetea eta laguntza humanitarioa emateko sarrera eskatu duenari; izan ere, Budapestentzat, Israelek «bere burua defendatzeko eskubidea» du.

Gertakari hori EBko gobernuen arteko desadostasunaren erakusle da, asteon Austriak, Esloveniak eta Txekiak Israelgo banderak inarrosi baitituzte beren eraikinetan. Palestinaren defentsa sutsua egin dutenen artean, berriz, Irlandako Errepublika, Finlandia, Malta eta Luxenburgo leudeke, esaterako. Josep Borrell EBren diplomaziaburua horren jakitun dago, eta zail izan dezake luze gabe ados jartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.