Gaurkoak ez dira palestinar guztiek parte hartzeko moduko hauteskundeak izango, ezta erabat libreak ere. Batetik, soilik Zisjordanian (Jerusalem barne) eta Gazako eskualdean bizi diren herritar eta errefuxiatu palestinarrek erroldatu direnak, jakina bozkatu ahal izango dute. Bestetik, Israelgo Armadaren okupazioak bere horretan dirau eta palestinarren mugimenduak eragozteaz edota galarazteaz gain, soldaduek atxiloketa, hilketa eta suntsiketa franko egiten jarraitzen dute egunotan. Arazoak arazo, eta mugak muga, Palestinako Aginte Nazionaleko presidentea hautatzeko aukera izango dute horretarako erroldatu diren 1.100.000 inguru palestinarrek. Al Fata alderdiko hautagaia, Mahmud Abbas, da faborito nagusia eta azken inkesten arabera, botoen %51 lortuko du. Haren atzetik, Mustafa Barguti hautagai independenteak %25 eskuratuko duela diote inkestek.
Orotara 1.000 bozkaleku baino gehiago izango dira, 17.000 begirale palestinarren eta nazioarteko 800 ingururen begiradapean. Bozkalekuak goizeko 7:00etatik iluntzeko 19:00ak arte zabalik egongo dira (Euskal Herriko 18:00ak arte). Bozketatik kanpo geratuko dira, ordea, Israelgo pasaportea edo bestelako agiririk duten milioi bat palestinar pasatxo Eki Jerusalemgo palestinar gehienek Israelgo pasaportea dute, baina asko PANeko bozetarako erroldatuta daude, Israelgo kartzeletan dauden 8.000 bat preso politiko palestinar eta Palestinako lurretatik at errefuxiatutako edota emigratutako 3.000.000 inguru palestinar.Duela hilabete batzuk Israelgo Gobernuak agindu zuen hauteskundeetan, hiru egunez, soldaduak hiri eta herri palestinarretatik zein errepideetatik erretiratuko zituela. Ez da halakorik gertatu, ordea. Atzo PANeko iturriek salatu zuten Israelen presentzia militarra ez zela aldatu: «Tokian-tokian ez da deus aldatu. Jerikotik [atzo] goizeko 10:00etan ateratzean hor zeuden oraindik ohiko bi kontrol militarrak. Ramalara iritsi, eta han ere dena berdin», nabarmendu zuen PANeko ministro Saeb Erekatek. Gaineratu zuenez, Zisjordaniako beste barruti batzuekin harremanetan jarri zenean Armada ez zela erretiratu esan zioten. Ildo horretan, Israelgo Armadak atzo ohartarazi zuen tropen behin-behineko erretirada ez zuela gauzatuko, baldin eta eresistentziak herenegungoaren antzeko eraso gehiago egiten baditu. Eraso horretan Al Aksako Martirien Brigadek soldadu israeldar bat hil eta beste hiru zauritu zituzten.Horren aurrean zera adierazi zuen PANeko Hauteskunde Batzordeko buru Rami al Hamdalak: «Nazioarteak bermatu digu Israelgo Armada ez dela bozkalekuetara sartuko. Zerbait gertatuz gero, erne egongo gara uneoro, Israelen aldetik zernahi egoera harroputz nola konponduko dugun ikusteko». Eki Jerusalemen egoera are zailagoa izango dute gaur biztanle palestinarrek botoa emateko. Bozkatzeko adina duten 120.000 herritarretatik soilik 5.637k ahal izango dute hiri santuan bozkaketa gauzatu. Hori Israelgo Postetxeetan egiteko aukera izango dute, baina bozka paperak aukeratzeko inolako leku bereizirik gabe, postetxeko bezeroen artean. Gainerako herritarrek Jerusalem inguruko herrietan bozkatu beharko dute.Horretarako, militarren kontrolguneak gainditu eta banaketa hesia eta juduen kokaguneak saihestu beharko dituzte.
1996an baino okerrago
«Bozkaketa behar bezala doala ziurtatzeko dugun arazo nagusia zera da, botoemaileak libreki mugitu ahal izatea», adierazi zuen Europako Batasuneko behatzaileen misioko buru eta Frantziako lehen ministro ohi Michel Rocardek.
Botoemaileek ez ezik, hautagaiek ere oztopo franko jasan dituzte israeldarrengandik. PANeko lehenbiziko hauteskundeetan baino zailtasun gehiago daudela ezagutarazi zuen EBko misioko bigarren arduradunak, Mark Stevensek: «Hautagaiek frustrazio handiari aurre egin behar izan diote, A eta B eremuetan eta bereziki Jerusalemen barrena mugitzeko». A, B eta C letrek Osloko akordioetan Israelek eta PANek eremuak kontrolatzeko eginiko banaketa zehazten dute. Talde politiko-militar garrantzitsu batzuek bozak boikotatzeko eskatu zuten PAN hauek antolatzen hasi ahala. Hamas, FPLP Palestina Askatzeko Herri Frontea eta Jihad Islamikoa daude hauteskundeoi zilegitasuna kendu diotenen artean, Osloko akordioetatik sortutako erakunde baterako direla argudiatuta. Gainera, herritar asko eszeptiko ageri dira, okupaziopean egingo direla, palestinar guztiek ezingo dutela parte hartu eta bozketak benetako aldaketarik eragingo ez duela salatuta. «Hauteskunde hauekiko ikusmira handiagoa da buruzagitzarengan biztanleengan baino; honek garrantziarik gabeko prozesu gisa ikusten ditu, azken batean Israelek izango duelako azken hitza. Hauteskundeekin edo hauek gabe, gure egoeraren, gure sufrimenduaren gakoak Ariel Sharonen [Israelgo lehen ministroa] eskuetan segituko du, baita hark bozetako garailearekin elkarlanean aritu nahiko duenaren arabera ere», azaldu zuen Hader Audala ezkerreko ekintzaileak. Bien bitartean, soldadu israeldarrek PANeko 60 urteko polizia bat hil zuten atzo tiroz, Gazan.
EKIALDE HURBILEKO GATAZKA. PALESTINAKO HAUTESKUNDEAK. PALESTINAKO PRESIDENTETZARAKO BOZAK
PANek salatu du Israelek bozetan ez duela utziko mugimendu librea
Azken inkestek botoen %51 ematen dizkiote Mahmud Abbasi, eta %25 Mustafa Bargutiri, hautagai faboritoei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu