Hamaseko buru Jaled Meshalek eta Palestinako Aginte Nazionaleko presidente Mahmud Abbasek Gaza bisitatuko dute datozen egunetan, Palestina News Networken arabera. Al-Fatahen eta Hamasen adiskidetzea lortzeko Dohan sinatutako akordioak indarrean jarraitzen duela adierazteko egingo dute bisita, baina oraindik ez dute zehaztu eguna.
Abbasen esanetan, Dohako itunak Israelekin negoziazioei berriz ere ekiteko atea ireki du: «Dohan benetako akordioa eta batasuna lortu genuela erakutsiko dugu Gazan, eta horrek Israelekin elkarrizketak hastea ahalbidetuko du». Dena den, palestinarrek ezetz esan zioten Israelen azken eskaintzari. 1.000 preso palestinar aske uztea proposatu du Tel Avivek. Horietatik 40 1993ko Osloko hitzarmena egin zutenetik daude Israelen eskuetan.
Hamas alderdiaren barruan iritzi kontrajarriak adierazi dituzte, eta zenbait alderdikide Abbasen aurka agertu dira. Gazako herritar gehienek ez dute begi onez ikusten Abbasek PANeko agintea izatea eta aldi berean gobernu berria osatzeko hauteskundeak zuzentzea. Horregatik, Meshalek Gazako bisita ukatzea espero dute Hamaseko kide gehienek. Horrekin batera, Hamaseko kideek Abbasi eskatuko diote PANek preso hartutako alderdikideak aske uzteko.
Osteguneko bilerari begira, akordioarekin ados ez dauden Hamaseko kideek uste dute gobernu berriak ez dituela alde guztiak kontuan hartuko. Ismail Ridwan Doa Hamaseko kideak gobernua guztien onespenarekin osatzeko eskatu dio Abbasi: «Adostasunean oinarritutako gobernu bat osatzeko eskatzen diogu Abbasi, Kairon eta Dohan adostutako guztia kontuan hartuta». Akordioaren aurka egin dutenei erantzunez, Abbasek adierazi du Dohako akordioak ez duela atzera bueltarik eta alde guztien adostasunarekin osatuko duela gobernua.
Bestetik, Al-Fatah eta Hamas larunbatean Kairon biltzekoak ziren gobernu bateratua osatzeko, baina, hainbat iturriren arabera, datorren ostegunera atzeratu dute bilera. PAE Palestina Askatzeko Erakundeko kide Wasel Abu Jusefen arabera, teknokratek eta independenteek osatutako gobernu bat izango da, eta baliteke izenak bileraren ondoren jakinaraztea.
Bi hilabete gose greban
Israelek ez du uste palestinarren batasun nazionaleko gobernua osatzeko ekinbideak ezer aldatuko duenik, eta ez ditu agindutako preso palestinarrak askatu. Hain zuzen, Jader Adnan preso palestinarrak 60 egun bete ditu gose greban, Israelek kargurik gabe atxilotu ondoren. Abenduaren 17an atxilotu zuten Adnan, «atxiloketa administratiboa» izan zela argudiatuta. Israelek aitzakia horrekin 307 palestinar atxilotu ditu jada, eta mugarik gabe preso eduki ditzake, nahiz eta haien aurkako salaketarik ez izan. Gainera, presoek ez dute beren atxiloketaren zergatia jakiteko eskubiderik.
Adnanek preso hartu eta hurrengo egunean hasi zuen gose greba. Jiha Islamikoa taldeko bozeramaile ohia da, eta, senideen esanetan, osasun arazo larriak ditu, koman erortzeko arriskuarekin. Antzeko egoeran dauden preso ugarik ere jateari utzi diote, Adnanekin bat egiteko.
PANeko eta Hamaseko buruek Gaza bisitatuko dute, batasuna adierazteko
Hamaseko sektore batzuek iragarri dute ez diotela ongietorririk egingo Mahmud Abbas PANeko buruari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu