EKIALDE HURBILEKO GATAZKA

PANeko lehen ministroa Washingtonera joango da Errepide Mapaz hitz egitera

Norvegian egon bada ere, Sharon ez da Oslora joan, bertako bake prozesua ez gogorarazteko

Erredakzioa
2003ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
PAN Palestinako Aginte Nazionaleko lehen ministro Mahmud Abbasek Washingtonera joateko gonbita onartu du, eta hilaren 25ean bilduko da AEB Ameriketako Estatu Batuetako presidente George Bushekin. Errepide Maparen bilakaera izango dute aztergai bi agintariek. Bestetik, Israelgo lehen ministro Ariel Sharonek eta Abbasek egitekoa duten hitzordua maiz atzeratua igandean egingo dela jakinarazi du Norvegiako lehen ministro Kjell Magne Bondevik. «Ez nuke baztertuko bien aldetik aurrerapauso berrien inguruko informazioa helaraztea», adierazi zuen.

Sharon Bondevikekin bildu zen atzo. Alta, Oslora joatea baztertu zuen, bertan 1993. urtean palestinarrek eta israeldarrek sinatu zuten bake prozesua ez gogorarazteko. Prozesu hura «hilda» dagoela adierazi zuen Sharonek. Bondevikek, berriz, Zisjordanian egiten ari den Banaketa Hesiaren egitasmoa bertan behera uzteko eskatu zion. Halaber, Sharonek Arafat bakartzeko eginiko eskaera baztertu egin zuen Norvegiako Gobernuak.

Bien bitartean, joan den ostiraletik desagertuta zegoen taxista atzo askatu zuen Israelgo Armadak, eta ustezko bost bahitzaile palestinarrak atxilotu egin zituen.

Irlandako kazetaria, aske

Azkenik, joan den larunbatean Ramalatik gertu atxilotu zuten Irlandako La egunkariko kazetaria aske utzi zuen atzo Israelek. Erresuma Batuko segurtasun zerbitzuei kazetariaz informazio okerra ematea leporatu zioten israeldarrek. Atxiloketa «akats» bat izan zela onartu zuten gerora Israelgo agintariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.