Panettak ez du baztertu Irani militarki erasotzea

Iranek nuklearrak ez lortzeko «aukera denak mahai gainean» daudela adierazi du AEBetako ordezkariak, Israelen

Erredakzioa
2012ko abuztuaren 2a
00:00
Entzun
AEBetako Defentsa idazkari Leon Panetta Israelen izan da, eta han, programa nuklearrari «muga onargarriak» ezartzeko eskatu dio Irani. Aste hasieran Mohammed Mursi Egiptoko presidentearekin eta Hussein Tantawi Indar Armatuen Kontseilu Goreneko buruarekin bildu zenean, ukatu egin zuen AEBek eta Israelek Irani militarki erasotzeko plana zutela. Baina orain, ohartarazi du programa nuklearra mugatzen ez badu «AEBen ekintza militarraren aukera aurrez aurre» izango duela. Iranek, berriz, ekintza nuklearrak «herritarren energia erabilpenerako» baliatzen dituela dio, baina uranio aberastuarekin bonba nuklearrak egin ditzakeen susmoak nazioartearen zigorrak eta Israelgo Gobernuaren eraso mehatxuak ekarri ditu.

Simon Peres Israelgo presidentearekin, Netanyahu lehen ministroarekin eta Barak Defentsa ministroarekin egindako batzarrean, Iranek arma nuklearrak lortzea eragozteko diplomaziaz eta zigorrez aritu da Panetta, Israelek «prebentzio modura» Irani erasotzea saihesteko. Baina Barakek adierazi du «aukera gutxi» ikusten dituela zigorren bidez Iran ekintza nuklearrak uztera behartzeko.

«Obama, bigunegia»

Panettak Israelera egin duen bidaia Mitt Romney AEBetako presidentetzarako hautagai errepublikanoaren bisitaren ostean etorri da. Romneyk Barack Obamaren gobernuari leporatu dio Iranekin «bigunegi jokatzea» eta Israeli «behar besteko sostengua» ez ematea. Horren aurrean, Netanyahuk Obamari eta Roomneyri adierazi die «Israelek bere burua babesteko eskubidea» duela.

Barakek Panettari, berriz, esan dio Israelen eta AEBen arteko «defentsa harremanak inoiz baino indartsuago eta tinkoago» daudela, eta sinesgarritasuna AEBen esku dagoela. Panettak dio bi herrialdeen arteko harremana ona dela, baina «etorkizuneko bakea bermatzeko» lan egin behar dutela erantzun .
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.