PANi zuzeneko diru laguntzak eten dizkiote Washingtonek eta Bruselak

Hamasen gobernuak «xantaia» salatu du, eta «palestinarren aurkako zigor kolektiboa» iritzi dio neurriari

Erredakzioa
2006ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
PAN Palestinako Aginte Nazionalari luzatzen dizkioten zuzeneko diru laguntzak eten egin zituzten atzo Ameriketako Estatu Batuek eta Europako Batzordeak. Bruselak neurria behin-behinekoa dela eta soilik zuzeneko diru laguntzari eragiten diola zehaztu du, hartara, hogeita hamar milioi euroko diru laguntza da etendakoa. Europako Batasuneko Atzerri ministroek, dena den, azken hitza izango dute. Luxenburgon datorren astelehenean egingo duten bileran aztertuko dute auzia. «PANi zuzenean edo haren bitartez emandako diru laguntzak etenda daude oraingoz. Batzordeak hartutako neurriarekin bat egingo dutela pentsatzen dut». Europako Batzordeko eledun Emma Udwinek jakinarazi zuen neurria. Zuhurtasunez arituko direla gaineratu zuen:«Europako Batasunak jokabide berri bat finkatu beharko du, erabaki eta neurri berriak hartu beharko ditu, eta prozesu hau bideratuko den bitartean, zuhurtasunez jokatuko dugu».

Washingtonek iluntzean egin zuen iragarpena eta zuzeneko diru laguntza eten arren giza laguntzarako bideratutako diru kopurua handitu duela zehaztu zuen. Etendako diru laguntzak, kasu honetan,193 milioi euro dira.

Europako Batzordeak 120 milioi euro eman zizkion joan den otsailean, hauteskundeen aurretik, PANi. Al Fata alderdi laikoak kontrolatzen zuen oraindik gobernua. Palestinako Legebiltzarrerako hauteskundeak otsailaren 25ean izan ziren eta jarrera aldaketa horren ondotik etorri da. Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimendua bozetan garaile atera zenetik, alegia. Hamasek bozak irabazi eta berehala urtero jasotzen dituen 245 milioi euroko diru laguntza jaso ahal izateko baldintzak ezarriko zizkiola adierazi zion alderdiari Bruselak. Hamasi, hain zuzen ere, indarkeria bertan behera uzteko exijitzen diote estatu kideek. Israelen izaera onartzeko eta orain arte hitzartutako akordioak errespetatzeko konpromisoa hartzeko eskatzen diote, halaber, Hamasi. Laukotea, gatazkari irtenbide bat emateko ahaleginetan dagoen nazioarteko ordezkaritza, era berean, ohartarazpena egin zion bozak irabazi ondoren Hamasi. AEB Ameriketako Estatu Batuek, Errusiak, Europako Batasunak eta Nazio Batuen Erakundeak, ildo horretan, diru laguntzak eten litezkeela ohartarazi zioten nazioarteko komunitatearen eskariak bete ezean.Hamas oso kritiko agertu zen atzo iragarpenarekin baina ez duela amore emango zehaztu zuen: «Horrelako xantaiarik ez dugu onartuko; europarrek gogoeta sakonagoa egin beharko lukete eta, bien bitartean, argiki esan nahi diegu gure gobernuak ez dituela bere jarrera politikoak presiopean aldatuko».Gazi Hamad PANeko gobernuko bozeramaileak egin zituen adierazpenak. Hamaseko diputatu Mushir al Masrik, berriz, zigor kolektibotzat jo zuen neurria: «Europako Batasunari eskatzen diogu ez ditzan horrelako erabakiak har. Gure iritzian, jokaera hauek palestinarren aurkako zigor kolektiboak dira, zeren eta, gure herritarrek euren eskubide demokratikoak baliatu dituzte iragan otsaileko hauteskundeetan». Bruselak etendako diru laguntzak, mementoz, ez dagokio giza laguntzara bideratutako aurrekontu-sailari.PANeko presidente Mahmud Abbas eta Ismail Hania lehen ministroa atzo biltzekoak ziren auziaz mintzatzeko. EBko Atzerri ministroek neurria berrestearen kasuan erabaki honek oso kinka larrian jarriko luke PAN. Erakundeak 120 milioi dolar behar ditu bere 140.000 funtzionarioei soldatak ordaintzeko.

Abbas eta Haniaren bileraren zerrenda gaian premiazko diruaren auziaz gain bestelako kontuak ere ezarrita zeuden. PANeko presidenteari joan den asteazkenean hartutako erabakia leporatu zion Haniak. Abbasek Barne segurtasunerako Poliziaren eta Mugetako Poliziaren gaineko eskuduntzak bere gain hartu ditu dekretu bidez. Haniak, aldiz, eskumen hauek bere gobernuaren dagozkiola jakinarazi zion.

Bi estatuen aukera baztertu du Haniak

Abbas, bestetik, litekeena da lehen ministroari argibideak eskatzea alderdiko kideek egindako adierazpen kontrajarrien inguruan. Hamas bi estatuak elkarren ondoan egotea finkatuko lukeen bake irtenbide baten alde egotea gezurtatu Haniak: «Hori esan dugunik ez da egia; non entzun duzue ?». Mahmud al Zahar Atzerri ministroak hori ulertzera eman zuen The Times egunkariari emandako elkarrizketan.«Nazioarte komunitatearekin hitz egin dezakegu bi estatuen kontzeptu horrekin zer ulertzen duten azaltzeko».

 



- Datua
5

Israelgo Armadak bost palestinar hil zituen bart gauean Rafan (Gaza). Piloturik gabeko hegazkin batetik hainbat jaurtigailu bota zituzten eta horietako batek bete-betean harrapatu zuen palestinarrak zeramatzan autoa. Nabulusen (Zisjordania), berriz, sarekada bat egin zuten atzo goizaldean soldaduek eta palestinar bat hil zuten tiroz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.