Uruguai eta Argentinaren arteko harremanak petralduta daude aspalditik. Jorge Batlle Uruguaiko presidente ohia, bere agintaldia bukatzear zegoenean, 2004. urteko abenduan, zelulosa ekoizteko paper fabrika bana eraikitzeko baimenak eman zizkien Finlandiako Botnia eta Espainiako Ence enpresei. Fray Bentos hirian ziren eraikitzekoak fabrikak: Uruguai ibaiaren ertzean, bi herrialdeen arteko muga naturala ezartzen duen ibaian. Argentinako Gualeguaychu hiri turistikoa, baina, fabriken ondoan gelditu zen eta horrek haserrea eragin zuen -Gualeguaychuk 80.000 biztanle ditu-. Argentinak bi herrialdeen arteko zubiakitxi dituzte, protesta moduan, azken hilabeteotan. Madrilen (Espainian) negoziazioak hasi zituzten atzo bi aldeek. Miguel Angel Moratinos Espainiako Atzerri ministroak aurreneko bileratik ezin dela gauza handirik espero adierazi zuen.
Botnia enpresaren paper fabrikaren lanak 2005. urteko apirilean hasi ziren -urtero miloi bat tona zelulosa ekoizteko gai izango da fabrika-. San Martin Jeneralaren nazioarteko zubia hilabete horretako azken egunean bertan itxi zuten herritarrek. Gualeguaychutik 40.000 lagun joan ziren. Orduz geroztik etengabeak izan dira zubi horren eta beste batzuren ixteak. Gualeguaychun ez ezik, Colon eta Concordia hirietan ere zubiak ixten dituzten hiri batzarrak sortu dira. Iazko azaroaren 20tik etengabe dago itxita bi herrialdeen arteko zubi nagusia. Uruguaiko turismoak jazotako galerak, beraz, larriak izan dira.
Orain arte diplomaziaren bidez lortu ez duten irtenbidearen bila nazioarteko auzitegietara jo izan dute bi aldeek. Argentinak aurkeztutako salaketaren inguruko ebazpena ematekoa da Haga -paper fabrikak beste leku batean eraikitzea eskatu zuen Argentinak-. Alde bien jarrera ikusita, alta, ezer gutxi espero daiteke atzo hasitako negoziazioez.
Tabare Vazquez Uruguaiko presidenteak martxoaren 22an Fray Bentosera egindako bisitaldian, hitz egiteko prest zegoela adierazi arren, piketeekin negoziatzerik ez zegoela berretsi zuen: «Botnia ez da mugituko; Uruguai ibaiaren ingurumenean gerta litekeena elkarrekin ikuskatzea eskainiko dugu eta alde horretatik egingo dugu lan». Gualeguaychuko Hiri Batzarrak, berriz, paper fabrika martxan hasiz gero, zuntz optikoaren eta gasaren inguruko neurriak hartzeko eskatuko diote Nestor Kirchner presidenteari.
Botniako paper fabrikaren lanak, bien bitartean, aurrera jarraitzen dute eta jada %95 zutitu dute. Aurtengo irailean edota urrian martxan egon liteke. Botniako paper fabrika urtean milioi bat tona zelulosa ekoiztea espero dute eta horretarako segundoko ur litro bat beharko du, hots, eguneko ehun eta hirurogei milioi litro ur; %20 ez da ibaira bueltatuko. Gau eta egun egingo du lan. Egunero hirurehun bat eukaliptus kamioi sartuko dira. Bi mila motor ipini dituzte bertan.
KUTSADURA. Gervasio Gonzalez Botniako ingurumen arduradunaren esanetan, mota honetako lantegietan dioxinen isurketak soma ezinak dira. Enpresak, hala ere, kopurua neurtzerik ez dagoela onartu du -Finlandiako eta Kanadako teknologia ez dagoelako-. Paper fabrikek, kloroak eta egurraren ligninak bat egitean, sorrarazten dituzten dioxinak eta furanoak toxikoak dira neurri ñimiñoetan ere, eta ez dira denborarekin desagertzen: izakien gantz-ehunean metatzen dira, kate trofikoan zehar metaketa gero eta handiagoa eraginez. Gizakiek elikagaien bidez berenganatzen dituzte. Dioxina oso suntsikorra da: hormona maila eta ugaltze aparatua erasotzen ditu -testikuluak endurtzea, abortuak, jaiotzetiko malformazioak eta ugalkortasunaren urritasuna eragin ditzake-. Azalean eta nerbio-sisteman ere kalte larriak eragiten ditu. Garunaren garapena ere oztopa dezake.
Ence Espainiako enpresa da paper fabrika eraikitzen baimena duen beste enpresa. Pontevedrako (Galizia) auzitegiak enpresa zigortu zuen hango itsasadarra pozoitzeagatik. Encek, 1964 eta1994 urteen bitartean, etengabeko delitu ekologikoa egin zuela onartu zuen eta 432.000 euroko isuna ordaindu zion Xuntari. Enceko sei goi karguri 30.000 euroko isun bana ordaintzera eta bost hilabeteko espetxe zigorra betetzera zigortu zituen auzitegiak.
Gai toxikoen isurketekin batera, paper fabrikek eragiten duten beste arazo ekologiko bat eukaliptusaren monolaborantza da. Uruguain Mundu Bankua orain dela hogei urte hasi zen eukaliptusaren eta pinuaren monolaborantza sustatzen; Europako eta Kanadako papergintza hornitzeko egin zuten hasieran, baina errentagarriagoa da, egun, zelulosa bertan ekoiztea. 1988an pinuek eta eukaliptusek betetzen zituzten 26.000 hektareatik, egungo 750.000etara pasatu dira. Eukaliptus gramo bi lortzeko, sustraiek litro bat ur behar dute. Botniak eta Encek urteko miloi bat eta erdi tona zelulosa ekoiztu nahi dute, hau da, aurreikuspenak betetzeko 2.250 metro kubo ur ezinbestekoak dituzte.
Uruguaiko Paysandu, Rio Negro eta Soriano eskualdetan hain larria da eukaliptusak eragindako lehortea, ezen gobernuak kamioi-zisternak bidali behar izan baititu. Abeltzantzan eta nekazaritzan oinarritutako ekonomiak porrot egin du eta bertako basoak desagertzeko zorian daude. Argentinako egoera antzekoa da: pasa den astean, egurra ekoizten duten zortzi probintziako senatariek hango basoak babesteko lege proiektua bertan behera uztea lortu zuten. Argentinak urtero 200.000 hektarea baso galtzen ditu soja transgenikoaren eta eukaliptusaren eraginez.
PROTESTAK. Eduardo Galeano idazleak paper fabriken kontrako jarrera agertu du publikoki eta traidoretzat jo du Gobernuak. Julio Marenales eta Eleuterio Fernandez Huidobro senatariak eta tupamaro historikoek, aldiz, alde egin dute ekologistek ere paperaz garbitzen dutela ipurdia esanez. Pepe Mujica Laborantza ministroak - tupamaroa ere- esan zuen paper fabrikekin ala gabe ibaiak zikinduko dituztela eta papera idazteko beharrezkoa dela.
Argentinako Gobernuaren jarrera, berriz, ez da hain garbia. Hauteskundeak gertu daude -urrian- etagiza eskubideei esker lortutako irudiari eutsi nahi dio Kirchnerrek. Ezin du, beraz, piketeen kontra egin -Uruguaik hala eskatzen du-, etekin politikoak galdu nahi ez baditu, bederen. Gualeguaychuko Hiri Batzarra, bestetik, ez da gobernuak duen politika epelaz fio: Alberto Fernandez gobernu buruak astelehenean bertan izandako bileran bere jarrera azaltzeko eskatu zion gobernuari. Apirilaren 29rako 120.000 pertsona espero dituzte, probintzian sekulan egin den manifestaziorik handienean.
Paper fabriken gerrarako irtenbide bila
Uruguai eta Argentina artean duela hiru urte piztutako paper fabriken auzia konpontzeko negoziazioak hasi dituzte bi aldeek Madrilen; adostasun batera iristeko aukerak eskasak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu