Parisek Concorde hegazkinaren istripuaren erantzule egin du Continental

Frantziako Justiziak dio AEBetako konpainiaren aireko batek galdu zuen piezak eragin zuela 2000. urteko istripua

Erredakzioa
2010eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Concorde hegazkin supersonikoak 2000ko uztailaren 25ean Paris inguruan izandako istripuaren erantzukizuna Ameriketako Estatu Batuetako Continental Airlines hegazkin konpainiari leporatu dio Frantziako Justiziak. Izan ere, Pontoise hiriko auzitegiak atzo eman zuen epaiaren arabera, Concorde baino apur bat lehenago aireratu zen Continental Airlinesen hegazkin batek pieza bat galdu zuelako izan zen istripua.

Ikertzaileek eta epaileek ondorioztaturikoaren arabera, pista gainean galdutako pieza haren gainetik ibiltzean, Concorderen gurpil bat zulatu egin zen, eta puska horiek indar handiz jo zuten hegazkinaren erregai gordailua, bertan zulo bat eragin eta sua piztuz. Suak Concorde erortzea eragin zuen Paris inguruko Gonesse hiriko auzo batera. Istripu horretan, Concorden zihoazen 109 lagun -bidaiariak eta eskifaiako kideak- eta lurrean zeuden beste lau lagun hil ziren. Ezbehar larri horren ondorioz, munduko supersoniko bakarra zen hegazkinaren bidaiak bertan behera gelditu ziren.

«Ganorabako epaia»

Pontoiseko auzitegiaren erabakiaren berri izan orduko, Continental Airlinesek jakinarazi du helegitea jarriko duela. Aire konpainia estatubatuarraren iritziz, epaia «ganorabakoa» da, eta agerian uzten du Concorderen jabea zen Air France konpainiari haren erantzukizunei muzin egiten lagundu nahi izan dietela Frantziako Gobernuak eta Justiziak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.