Bonnie&Clyde frantsesei 1994an La Nationeko tiroketan laguntzeagatik lau urteko espetxe zigorra bete zuen preso ohi bat Parisen bila ari ziren gizonezkoa. Asteazken arratsaldean atxilotu zuten Bois-Colombes auzoko garaje batean, auto barruan konorterik gabe zegoela. DNA probek erakutsi dute Libération egunkarian argazkilari bat larriki zauritu eta Societe Generale banketxeari tiro egin zion bera dela.
Ezustea atxilotuaren nortasunak eman du. 1994an La Nationen taxi gidari bat eta hiru polizia hil zituen bikote gazteari laguntzea egotzita, 1998an lau urteko espetxera zigortu zuten Abdelhakim Dekhar. Bonnie&Clyde frantsesak deitu zieten Florence Rey (19) eta Audry Maupin (22) anarkista eta ezker muturreko ekintzaileei duela hogei urte, liburu eta filmak ere eragin zituen gertakariagatik.
Dekhar bizilagun baten salaketaren ondoren atxilotu zuten, eta ustez bere buruaz beste egiten saiatu zen. "Tontakeria bat egin dut", erantzun bide zion bizilagunari, Parisko tiroketez hizketan ari zirela.