Mundua

Parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitu du Thailandiako lehen ministroak

Oposizioko parlamentariek ganbera utzi eta biharamunean hartu du erabakia Yingluck Shinawatrak. Otsailaren 2an egingo dituzte hauteskundeak.

Berria.info
2013ko abenduaren 9a
16:19
Entzun

Thailandiako Gobernuak parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitzea erabaki du. Bezperan, PD Alderdi Demokratako parlamentariek, legebiltzarra utzi, eta Suthep Thaugsuban lehen ministrorde ohiak gidatu dituen protestekin bat egitea erabaki zuten. "Ildo desberdinetako jende asko gobernuaren kontra agertu delarik, biderik onena boterea thailandiarrei itzuli eta hauteskundeak egitea da", esan du telebista bidezko adierazpen batean Yingluck Shinawatra lehen ministroak.

Manifestariek salatu dute Thaksim Shinawatra aurreko lehen ministroa itzalpetik bere arreba buru duen gobernua gidatzen ari dela, eta, gaur, Bangkok hiriburuan bederatzi zutabe irten dira "azken gudua" emateko prest "Thaksinek erregimen ustelari".

Gobernuaren kontra altxatu direnek ez dute onartzen Yingluck Shinawatrak jarduneko lehen ministro gisa jarraitzea hurrengo bi hilabeteetan, eta gobernuko ardurak beherala uztea nahi dute. Konstituzioaren 7. artikulua baliatu eta Bhumibol Adulyadej erregeak zuzenean gobernuburu bat izendatzeko eskatzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.