Amagoia Mujika hauteskundeen jarraipena egiten ari da Caracasetik eta azaldu duenez, hauteslekuak itxi baino ordu batzuk lehenago iragarri ziteken aldea oso txikia izango zela. Azken orduan ohikoa da chavistak gehiago mobilizatzea, baina oposiziokoek estrategia aldatu zuten. "Horri erantzuteko, gaur oposizioak ikasle antolatu guztiak deitu ditu azken orduan botoa ematera". Parte hartzearen aldeko mezuak zabaldu zituzten bi hautagaiek.
Jorge Rodriguez Maduroren prentsa kanpainaren arduraduna telebistan agertu zen bazkalorduan mobilizatzeko eskatuz. "Tentsioa dago. Bi ordu hauek erabakigarriak izan daitezke", esan zuen Mujikak 23:00etan. Hauteslekuak ixteko hiru ordu eta erdi falta zirenean, 13 milioi herritarrek zuten jada botoa emanda, botoemaileen %68ak. Mujikak Caracastik gaineratu zuenez, Maduroren aldekoek hamar puntuko diferentzia izan zezaketela zioten hauteslekuak itxi ondoren. Azkenean, ordea, puntu eta erdikoa izan da.
Caprilesek erne egotera deitu zuen hauteslekuak itxi aurretik, eta "existititzen ez diren emaitzen inguruko zurrumurruak" ez sinesteko eskatu zuen. "Erne! Hori da Gobernuaren espezialitatea!". Gainera, hauteslekuak zaintzeko eskatu zuen horiek itxi baino ordu laurden bat lehenago. "Zerbait ona gertatzen ari da!", esan zuen oposizioaren hautagaiak. Zuzentasuna eskatu zien hauteslekuetako kide eta lekukoei.
Normaltasuna nagusi
Madurok botoa eman ondorengo bere agerraldian esan zuen "iraultza bolivariarraren historiak" jarraituko duela "herria delako bere bermea". Venezuelako hauteskunde sistema munduko onena dela gaineratu zuen, eta nazioarteko behatzaileek hauteskunde eguna normaltasunez iragan zela adierazi zuten. Herrialde osoan 43 izan ziren atxilotuak segurtasunaz arduradun direnek adierazi zutenez.
Amagoia Mujikak ere alde bakoitzeko bi auzotan izan ondoren azpimarratu zuen lasaitasuna: "Goizean eskola batzuetan bizpahiru ordu zain egon dira, baina gutxi batzuetan besterik ez". Hauteslekuak 01:00etan itxi ziren, baina ordu horretan ilaretan zirenek ere bozkatu ahal zuten. Horrek baino gehiago, ordea, bi hautagaien arteko alde txikiak atzeratu zituen emaitzak. Bilboko kontsulatuan atzo 18:00etan itxi zuten hauteslekua Hego Euskal Herriko venezuelarrentzat, baina gaur goizera arte ez dituzte zenbatuko botoak.